ELAk ez du Preco akordioa babesten

2014/06/04
ELAren esanetan akreditatu gabeko gehiengorik gabe Confebaskek ezin die negoziazio kolektiboko akordioei betoa ezarri. Atzoko bileran ELAk ez zuen babestu Preco akordioa.

Bizkaiko Ehungintzaren Merkataritzako Hitzarmena ezeztatzen duen epaia iritsi aurretik ELAk parte hartu zuen PRECOren Batzorde Parekidearen baitan Akordioa berritzeko lan-batzordean. Hain zuzen ELAk mahairatu zituen eztabaidatu ziren gairik nagusienak, akordioak erabakitzeko joko-arauen ingurukoak; eztabaidaren ondoren beste batzordekideek ere onartu zituzten.

Aipatutako hitzarmenari buruzko Epaia dela eta, egoera erabat aldatu da. Patronal batek (Confebaskeko kide den CECOBIk), sektorean gutxiengoa izanik, hitzarmena inpugnatu zuen, ezeztatzea eskatuaz. Auzitegiak ebatzi du akordioa sinatu zuen patronalak (Bizkaidendak) ez zeukala legeak eskatzen duen behar besteko ordezkaritzarik. Paradoxa da, diogun moduan, inpugnatu duenak ere ez zuela ordezkaritza hori.

CECOBIk (Confebask) legearen erabilpen bidegabea egitea erabaki du, beste patronalei eska diezaieten eurek ere betetzen ez duten baldintza; erabaki honen ondorioa ELArentzat onartezina da: hitzarmen on horren aplikazio orokorra galarazten du eta saihestu egiten du beste patronalek bere ordezkaritza monopolioa zalantzan jartzea.

Patronalaren ordezkaritzaren inguruko auzia betidanik dator. Edonork daki patronalek esparru gehienetan ezin dutela egiaztatu legeak eskatzen duen ordezkaritza eta, horrenbestez, ez direla errepresentatiboak. Orain arte moldatu izan gara alde sindikalak patronalari ordezkaritza zuela “aitortzen” ziolako; hala jokatzen zen, “elkarri aitortzea” legezko figura bat ez zen arren. Alabaina, prozedura hau pikutara joan da Confebaskek erabaki duenean betoa ezarriko diela eskuetatik alde egin dioten hitzarmenei, patronal berriak agertzen direlako edo negoziatutako edukiak arbuiatzen dituelako. ELAk ezin du onartu Confebaskeko patronalek, ordezkaritza minoritario batekin, gustoko ez duena kiskalita uzterik.

ELAk gogoratu nahi du Ehungintzako hitzarmenari buruzko auziaren aurretik Eusko Jaurlaritzak berak konponbiderako formula bat proposatu zuela, negoziazio kolektibo sektorialetik geratzen dena hankaz gora jar zezakeen epai bat gerta ez zedin; Confebaskek baztertu egin zuen proposamen hori: Bi patronalek batuta ordezkaritzaren %100 izango zuten, eta sektorean nagusia zenari %60a emango zitzaion. ELAk proposamena aztertzeko modukoa zela esan zuen, baina Confebaskek erabat arbuiatu zuen.

Ez gaude hau ametitzeko prest; ez gaude Erdi Aroan. Horregatik, epai judiziala ezagututa, ELAk PRECOren Batzorde Parekidean adierazi zuen (baita Jaurlaritzari jakinarazi ere) Akordioa itxi aurretik patronalaren ordezkaritzaren eta akreditazioaren arazoa konpondu beharra zegoela. Confebaskek, CCOOek eta UGTk aukera hau ukatu egin dute. Hutsegite oso larria da hau, horrela Confebaskeko patronal minoritarioek negoziazio kolektiboan blokeo eta beto ahalmena lortuko bailukete. Akordioak komeni ez zaizkienean, auzitegietara jotzen dute betoa ezartzeko.

LABek artean ez du erabaki zer egingo duen. Aipatu beharrekoa da balizko PRECO akordio bat CCOOek, UGTk eta LABek sinatuz gero batzorde parekidearen osaera aldatu egingo litzatekeela, akordioa sinatzen dutenak egongo bailirateke. Organo honek garrantzizko akordioak har ditzake, esaterako:

- PRECOren arau osagarriei buruzko erabakia.

- Estatu mailako zein beste esparruetako hitzarmen sektorialetan jasotako klausulak (arbitrajeari nahiz derrigor bete beharreko proposamenak emango dituen bitartekaritzari men egitekoak) homologatzea.

-PRECOren jarduera eremua zabaltzea.

Kasuotan akordioak erabakitzeko CCOOek eta UGTk gehiengoa lukete batzorde parekidearen alde sindikalean.

ELAk eskatzen du Confebaskek Ehungintza Hitzarmenaren inguruan izan duen jokabidearekin sortu duen arazoa Batzordean eztabaida dadila PRECOren inguruko Akordioa itxi aurretik. Bestela, gai hau arautu ezean, Confebaski egoera demokratiko bati ez dagokion eskubide bat aitortuko bailitzaioke. Eta patronal minoritarioei negoziazio kolektibo guztiaren gaineko aginte absolutua onartzeak ez dauka zerikusirik ELAk aldezten duen Lan Harremanen Euskal Esparruarekin.