Nafarroako erresidentziak

ELAk ezezkoa eman dio patronalen azken proposamenari, eta 2022ko abenduan planteatutakotik ez direla mugitu kritikatu du

2024/09/13
Sindikatuek, patronalek eta Nafarroako Gobernuak egindako bileran, patronalen proposamenak aurrekoarekin alderatuta hobekuntzarik ez izatea deitoratu du ELAk. Entregatutako proposamenaren idazketa korapilatsua zela eta, bazirudien azken aldian baino eduki gehiago eta hobea zegoela. Alabaina, bileran egiaztatu da hobekuntza horiek ez zirela lotesleak patronalentzat, baizik eta Nafarroako Gobernuaren eta patronalen arteko balizko akordio baten mende zeudela.

Patronalek proposatu duten gauza bakarra da mahai gainean zegoena eta sindikatu guztiek aspaldi baztertu zutena (1.304 euro hilean gerokultoreentzat, 1.690 orduko lanaldia urtean). Gainerakoa desideratum bat zen, etorkizunean patronalen eta Nafarroako Gobernuaren arteko akordioen mende zegoena.

Beraz, sindikatuak borrokan jarraituko du Nafarroako Egoitzen lehen Hitzarmena lortzeko, Patronalek eta Nafarroako Gobernuak sektoreko langileen eskaerak aseko dituen proposamena lortu arte. Eta ez da proposamen duinik egongo lehenago mobilizazioak eta grebak egon ezean.