ELAK ezker abertzaleko buru politikoak atxilotzea gaitzetsi du

2009/10/14
ELAren ustez, ezker abertzaleko buru politikoak atxilotzea erabaki duena asmo politikoz jokatzen ari da eta ez du irtenbiderik bilatzen; ez du nahi gatazka politikoari irtenbidea emango dion bidea egiterik.

Helburu horrekiko konpromisoa duten herritarrak atxilotzea honelako prozesu batek beharrezko dituen kode minimoen kontrako eraso onartezina da.

ELAk berriz ere salatu egin nahi du Justizia-administrazioaren erabilpen politikoa. Legeria berezia auzitegi bereziek administratzen dute, eta salbuespen kutsu nabarmena du; Euskal Herriari eragiten dioten gatazka juridikoetan ez du inongo bermerik eskaintzen. Era objektiboan definituta, botere judizial horren lehen kezka ez da justizia aplikatzea, baizik atxiloketak telebistaz eman ahal izatea.

Horrelako gertakariak gure inguruko demokrazientzat deigarri izan beharko lirateke. Espainiako estatuak bere barneko gatazka nazionalei irtenbide demokratikorik ez ematea erabaki du, eta Europako Batasunean parerik gabeko dinamika errepresiboa garatzen ari da, oinarri-oinarrizko eskubide eta askatasunak urratuz eta auzitegiek aintzat hartu beharreko printzipio garantistak bazter utzita. Estatu hau edozein bitarteko erabiltzeko prest dago, ez dauka neurri demokratikorik eta jokabide hau botere guztiek partekatzen dute.

ELAren irudiko, badirudi Estatuko botereak lasaiago bizi direla egungo blokeo eta irtenbiderik gabeko egoerarekin. Gu, ordea, ez. Hainbat galdera datozkigu burura: Zer indartu nahi du estatuak atxiloketa hauekin? Zein egoera sortzea nahi du, honelako erabakiekin apustu zibila egiteko konpromisoa hartu duten pertsonak baztertzen baditu?

Alabaina, ELAk bide horretatik jarraitzera animatu nahi du. Ezinbestekoa da. Horixe da euskal gizartearen gehiengoak nahi duena; ELAk konpromiso horri heltzen dio, baita egoerarik zailenetan ere. Hau da, hain zuzen, bai estatua, bai bortxakeriaren inguruko polarizazio egoerak alternatibarik ez duela erabaki dutenak urdurien jartzen dituen bidea.

ELAk atxilotuekiko elkartasuna adierazi nahi du, eta interpelatuta ikusten dugu gure burua gertakarien larritasunagatik eta egoerak eskatzen duen salaketan parte hartzeagatik.