ELAk Fiskaltzari eskatu dio iker ditzala Bilboko Udaltzaingoko ofizial ordeen 20 plazen hautaketa prozesuko irregulartasunak
2022/03/11
ELA sindikatuak idazki bat aurkeztu du gaur goizean Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusian, eta eskatu du berehala abiatu dadila Bilboko Udaleko Udaltzaingoaren 20 ofizial orde hautatzeko prozesuan izandako irregulartasunen inguruko ikerketa.
ELAk aurkeztutako idazkian, prozesuan oso larriak diren egitate kateatze bat zehazten da, Bilboko Udala ez ezik Arkauteko Polizia eta Larrialdietako akademia bera ere tartean egongo bailitzateke.
ELAk uste du beharrezkoa dela gertatutakoa ikertzea eta dagozkion erantzukizun politikoak eta penalak argitzea, halakorik balego. Horregatik, ELAk Fiskaltzari eskatu dio, salaketa-idazki horren bidez, gertatutako guztiari buruzko ikerketa bat irekitzeko eta horren arabera jokatzeko.
ELAk, gertatutakoaren berri izan zuenean, gertatutakoa argitzeko batzorde bat sortzeko eskatu zion udalari, eta orain Fiskaltzaren esku utzi du gaia, uste baitu gertakariak justiziaren esku uzteko bezain larriak direla.