ELAk gaitzesten du Kider taldearen erregulazio-espedientea, 163 langile eraginpean hartzen duena.
Kider Taldeak 5 lantoki ditu EAEn, eta ordezkaritza ugari Estatuan barrena. Merkataritzako altzariak diseinatzen, ekoizten eta saltzen ari izan da. Urtarrilaren 24an itxiera-EEE aurkeztu du Burtzeña-Barakaldoko lantokian (147 langile), eta Arabako lantokietako langileen %30 gutxi gorabehera kaleratzeko ere eskatu du.
Enpresak, oro har, 409 langileko plantilla dauka, eta 5 lantoki (Araban: Kime, Inan, Kider biltegia, eta Kider bulegoak; eta Bizkaian: Mebunik). ELA sindikatu nagusia da, 16 ordezkari izanik; USOk 8 ordezkari; UGTk 5 ordezkari; LABek ordezkari 1; eta CCOOek ordezkari 1.
Enpresa-batzordeek mugagabeko grebara deitu dute, otsailaren 4tik aurrera, 30 eguneko kontsulta-aldiko lehen negoziazio-bileraren egun beretik aurrera.
ELA sindikatutik dei egiten diegu langileei mugagabeko grebari atxikitzeko, eta datozen egunetan iragarriko diren mobilizazioetan parte hartzeko. Bertako langileen mobilizazioa tresna bakarra da enplegu-erregulazioko espediente izugarri hori geldiarazi ahal izateko, eta Kider Taldeko langileen %40 langabeziatik babesteko.
ELAren iritziz, kaleratzeak gauzatzekotan are okerrago geratuko zen enpresaren egoera sozio-laborala, eta ez zen ezertan lagungarria izango enpresaren bideragarritasuna ziurtatze aldera. Hala eginez gero, Zuzendaritzak beste errore bat, sekulakoa, egingo zuen, gure ustez; eta agerian utziko zuen bere ezintasuna enpresa-taldea eta 409 lanpostuak bide onetik eramateko.
ELA sindikatuak exijitzen dio enpresari 163 kaleratzeak erretiratzeko, eta Kider Taldearen proiektu industrialaren gaineko negoziazioa hasteko; beti ere, akordio orokor bati begira, non bost lantokiak eta lanpostu guztiak mantentzeko bideragarritasuna aztertuko baita.