ELAk gaitzetsi egin du Estatuak Kataluniaren aurka jo duen eraso errepresiboa

2017/09/20
ELAk arbuiatu egin du Espainiako Gobernuaren erabaki politikoa, gobernu katalaneko goi-karguak atxilotzea eta Generalitateko eraikinak, beste erakunde eta enpresa batzuk miatzea. Oldarraldi errepresibo hau Kataluniako erakundeen eta Katalunia osoaren aurkako eraso ilegitimoa da. Goizeko gertakari errepresiboen ondorioz bertan behera geratu dira Txiki Muñoz idazkari nagusiak izatekoak zituen bilerak, hain zuzen Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentearekin eta Oriol Junqueras presidenteordearekin jarrita zeudenak.

ELAren ustez, izatezko salbuespen egoera ezarri da espainiar Estatu guztian, eta horrek eraso ezin larriagoak eragin ditu oinarrizko eskubide eta eskubide politikoen aurka: gobernuaren, Kataluniako parlamentuaren eta hainbat erakunde publikoren eremuan esku-hartze ilegitimoa ari dira gauzatzen, eta gainera herritarren eta gizarte zibilaren oinarrizko eskubideei ari dira erasoka: iritzi, bilera eta manifestazio askatasunak, esaterako. Behar bada salbuespen erregimena Espainiako berezko  egoera bilakatu da honez gero; hau beste arrazoi bat da gero eta herri eta nazio gehiagok autodeterminazio eskubidea egikaritzeko asmoa izan dezagun.

ELAren aburuz, gauzak horrela, Eusko Alderdi Jeltzaleak berehala eta behin betiko baztertu behar du PPren gobernuari egonkortasuna ematen dion babesa. Izan ere, lotsagarria baita euskal herritarrentzat babesa ematea Katalunian errepresioa ezartzen ari den alderdiari, ustelkeria politikorik handiena eta honengatik eragindako auzibide gehien dituen horri; baina areago, onespen demokratikoa ematen dio egunero agerian uzten duenari diktadorearen oinordekotzatik ez dela aldendu.

Sindikatuak bere militanteei jakinarazi behar die gaur goizeko gertakari errepresiboen ondorioz bertan behera geratu direla Txiki Muñoz idazkari nagusiak izatekoak zituen bilerak, hain zuzen Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentearekin eta Oriol Junqueras presidenteordearekin jarrita zeudenak.

ELAk goraipatu egin nahi du herri katalana zenbateko gizabidez ari den erantzuten errepresioari, eta dei egiten die katalanei beren herriaren aldeko mobilizazioari eutsi diezaioten, harik eta bide demokratikotik burujabetza betea lortu arte. Halaber, ELAk bere afiliatuak animatu nahi ditu Kataluniaren alde mobilizatzen jarrai dezaten egunotan deitzen ari diren manifestazio eta agerraldi anitzetan.