ELAk galdatu dio Eusko Jaurlaritzari Justiziako langileen soldatak parekatzeko

2016/10/06
ELAk galdatu dio Eusko Jaurlaritzari Justiziako langileen soldatak parekatzeko
ELAk erreklamazioa erregistratu du dagoeneko, Justiziako langileen soldaten eta Eusko Jaurlaritzako langileen soldaten artean dauden aldeak berdintzeko eskatuz.

2010. urtean Eusko Jaurlaritzak IV. Justiziako Lan-baldintzen Akordio Erregulatzailea sinatu zuen. Akordio haren helburu nagusietako bat Justizia Administrazioko langileen baldintzak Euskal Administrazio Orokorreko langileen baldintzekin parekatzeko prozesua amaitzea zen. Hori horrela, soldatak erabat parekaturik egon beharko ziren 2013ko urtarrilean.

Hala ere, bai negoziazio-mahaian, bai Eusko Legebiltzarrean, soldata-eskala bikoitz hori bateratzen saiatu arren, Justizia Administrazioko pertsonalak 250 eta 334 € bitartean gutxiago jasotzen dute hilean, Euskal Administrazio Orokorreko lankideek baino, norberaren mailaren arabera:

. Laguntza Judizialeko Kidegoa: 3000 euro/urteko aldea.

. Izapidetze Prozesal eta Administratiboko Kidegoa: 3480 euro/urteko aldea.

. Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoa: 4000 euro/urteko aldea.

Horregatik guztiagatik, ELAk, EAEko Justiziako plantilla osatzen duten ia 2.300 lankideen izenean, administrazio-erreklamazio bat jarri du, Justiziaren IV. Akordioan (223/2010 Dekretua) jasota dagoen soldata-parekatzea betetzeko eskatuz.

ELAtik salatzen dugu Eusko Jaurlaritzak beste behin ere ez duela bete sinaturiko akordio bat, oraingo honetan Justizia Administrazioan. Sektore horretako ez-betetze hori beste bat gehiago izan da herri-langileek azken urteotan jasan behar izan dituzten murrizketen zerrenda luzean (%5eko jaitsiera, baja medikoen murrizketak, 2012ko aparteko ordainsariaren ordainketarik eza eta abar).

Aurkeztu den administrazio-erreklamazioaz gain, ELAk ez du baztertu mobilizazioak bultzatzeko aukera, beti ere 2013ko urtarrilean burutu behar zen parekatze-akordioa betearazteko.