OSASUN GARRAIOA

ELAk galdegin dio Osasun Sailari EAEko anbulantziak publifika ditzala

2024/10/30
Sektore honetan ordezkaritza handiena duen sindikatuak dio egungo kudeaketa eta pribatizazio ereduak porrot egin duela.

ELAren iritziz anbulantzien sektorea kudeatzeko eredua zeharo aldatzeko unea iritsi da; bertan azpikontrata bidez 1.800 langile inguruk eskaintzen dituzte zerbitzuak. Sindikatu honek deritzo sektorea pribatizatu eta azpikontrata bidez kudeatzeko ereduak porrot egin duela; beraz, hori baztertu beharra dago, kalte egiten baitie hala herritarrei, nola garraio sanitarioko langileei.

Azken egunotan agerian geratu dira La Pau taldearekin izan diren arazoak; enpresa honek zeukan anbulantziak Bizkaian eta zati batean Araban kudeatzeko ardura. Baina gorabeherak ez dira oraingo kontua; egia da La Pauk langile bakoitzari 4.000 eta 6.000 euro arteko zenbatekoak zor dizkiela, baina zerbitzu honen kargua zuten enpresa guzti-guztiekin izan dira arazoak, batez ere Bizkaian, hau da, jarduera gehien dagoen lurraldean.

ELAk demandak sartu izan ditu zerbitzua kudeatu duten ia enpresa guztien aurka; denbora joan den arren, oraindik ere kitatu gabeko zorrak dituzte langileekin. Hainbat epaitan zor horiek aitortu dira, baina baita ere Eusko Jaurlaritzak zuen ardura solidarioa, zerbitzuaren kontratzaile nagusia baita.

ELAren arabera azpikontratazioa gaur garestiagoa da herritarrentzat, ez soilik kostu ekonomikoa handiagoa delako; zerbitzuaren kalitateari ere eragiten dio. Hori utzi dute agerian gertatu izan diren arazo anitzek, azken hiletan areagotu direnak.

Horrenbestez, ELAk Osasun sailari esan dio kudeaketa eredua aldatzeko beharra dagoela. Sailak berak zuzenean hartu behar du zerbitzua bere gain, eta hau publifikatu egin behar da. Osasunarekin hain lotura estua duen oinarrizko zerbitzu bat ezin da enpresa pribatuen esku utzi, ez eta negoziogai bilakatu ere. Horregatik ELAk zerbitzuaren publifikazioaren alde egingo du eta galdegiten du prozesu hori egin dadila egungo lantaldea eta beronen egungo lan-baldintzak errespetatuz.