ELAk galdegin du bertan behera gera dadila euskal presoei sostengua ematen dieten kolektiboen aurkako epaiketa

2019/04/12
ELAk exijitu du bertan behera gera dadila presoen laguntza eta solidaritate kolektiboen aurkako auzibidea. Epaiketa irailean izango dela iragarri da. Auzibide honekin jazarri egin nahi zaizkio espetxeratutako pertsonekiko elkartasunari; hain zuzen, pertsona horien eskubideak oso larriki urratzen dira oraindik. Preso nahiz aske daudenek antolatzeko eskubidea dute, laguntza ematekoa, defenditzekoa eta eskubideak aldarrikatzekoa.

Prozesu honen atzean botere judizialaren kontaminazio ideologikoa dago: preso dagoenaren eta estatuaren artean instantzia kolektiborik ezin dela egon erabaki da; erregimen totalitarioa hutsa da hau.

ELAk auziperatuekiko elkartasuna adierazi du, eta aurreratu duenez, sindikatuko zuzendaritzako kide bat Herrira kolektiboaren defentsaren lekuko gisa deklaratuko du.