ELAk garraio publikoaren beherapena osatzeko eskatzen die Nafarroako erakundeei

2022/12/07
Nafarroako Gobernuak ez du osatu Estatuak garraio publikoan finantzatzen duen beherapena, eta ez du aurreikusten 2023an baliabideak erabiltzea txartelen prezioa jaisteko, Aurrekontu Proiektuak ez baitu hori jasotzen.

Espainiako Gobernuak irailean onartu zuen bere titulartasuneko garraiobide jakin batzuetan egindako ohiko bidaiak doakoak izatea (horien artean, aldiriko trenak nabarmentzen dira), eta gainerako administrazioek bere eskumeneko garraio publikoan onartutako beherapenak % 30 finantzatzea. Horrekin, beherapen hori erakunde eskudunek gutxienez %50era eramatea iradokitzen zuen. Neurri hori, hasiera batean behintzat, abendura artekoa zen, baino 2023 urte osora luzatu da.

Nafarroako erakundeek Estatuak finantzatzen duen % 30eko beherapena ez osatzea erabaki zuten, hau da, Estatuaren beherapena osatzeko ekarpenik ez egitea. Izan ere, Nafarroako Gobernuak (PSN, Geroa Bai eta Podemos) eta EH Bilduk adostutako Aurrekontu Proiektuak ez du euro bakar bat ere aurreikusten garraio publikoaren prezioa jaisteko.

Nafarroako Gobernuaren jokabide horrek berriz ere egiaztatzen du neurri sozial bakarrak, nahiz eta guztiz eskasak izan, Espainiako Gobernuaren ekimenez hartutakoak direla, eta ikusten da Nafarroako Gobernuak, neurri horiek ez proposatzeaz gain, ez dituela horiek garatzeko borondaterik ere.

ELAk Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako gainerako erakunde eskudunei eskatu die garraio publikoaren aldeko apustua egin dezatela eta baliabideak bidera ditzatela ohiko txartelaren prezioa % 50 jaisteko. Frogatuta dago garraio publikoan txartelen prezioa jaitsi eta doakoak izateak garraio publikoko bidai kopurua igo eta ibilgailu pribatuaren erabilera nabarmen jaistea eragiten duela.