MICHELIN

ELAk Gasteizko lantegia zentroarteko batzordetik ateratzea eskatu du, zuzendaritzak erreferendumean porrot egin ondoren

2023/06/16
Gasteizko lantegiko langileek ezetz esan diote (botoen % 65) enpresaren eta berarekin bat datozen sindikatuen greba-dinamika hausteko ahaleginari.

ELAk txalotu egin du Michelingo zuzendaritzak, antzeko sindikatuen laguntzarekin batera, Gasteizko lantegiaren gatazkan desmobilizazioaren aldeko apustuan porrot egin izana. Ia % 89ko partaidetzarekin (3.108 boto), enpresaren eskaintza onartzearen aldeko 1.093 boto izan dira, eta kontrako 2.006 boto (9 baliogabe).

Erreferendumaren emaitzak indartu egin du ELAk lantokien arteko batzordearen dinamika hausteko eta Gasteizko lantegiak bere plantillak merezi dituen lan-baldintzak jasotzen dituen hitzarmen propioa negoziatzeko apostua. Horixe da, hain zuzen ere, langileek enpresari helarazi dioten mezua, egunotan egin diren greba-egunei jarraipen zabala egin ondoren.
Enpresaren eta berarekin bat datozen sindikatuen antzezpena errespetu falta handia izan da langileekin, ondo baitakite borroka dela lan-baldintza duinak lortzeko bidea, eta berretsi egin da 1.500 euroko ordainsaria jasotzea ez dela nahikoa .

ELAren apostua argia da: greba eta gatazka benetako negoziazioa eta eduki duinak gauzatu arte. ELAk zentro arteko batzordeak Gasteizko bozketaren emaitza errespetatzea eskatu du.