Gasteizko Udalak hitzarmena bete beharko du eta Gazte eta Eskualde Planen bitartez kontratatutako pertsonei bikoitza ordaindu

2022/06/17
ELAk irabazi duen epaiak, Gasteizko Udalak langile hauei (gehienak langabetuak, gazteak edo arrazializatuak) dagokienaren ia erdia ordaintzeko egin zuen hitzarmen kolektiboaren alde bakaerreko aldaketa legez kanpokoa dela ezartzen du

Gasteizko Udalak 2006. urteaz geroztik berritu gabe du hitzarmen kolektiboa. Urte hauetan guztietan, Madrilgo eta Gasteizko gobernuetatik etorri diren murrizketak aplikatu ditu udalak, eta hauez gain bere kabuz eginiko murrizketak ere ezarri ditu.

Horien artean, duela urte batzuk, gazte planaren barruan edo eskualdeko planaren barruan kontratatutako langileei Hitzarmenak ezartzen duen soldataren ia erdia ordaintzea erabaki zuen: kategoria baxuenetan, Udalak lanbide arteko gutxieneko soldata ordaintzen du, hitzarmen bidez ordaindu beharko liekeen soldataren % 54, eta kategoria altuenetan, dagokienaren % 56.

Enplegu plan horien bitartez kontratazen direnak (hilabete batzuetako kontratuak dira, gehienez urtebetekoak), batez ere langabezian dauden pertsonak, gazteak edo pertsona arrazializatuak dira.

ELAk auzitara jo zuen gai hau eta irabazi egin zuen. Baina Gorka Urtaran alkateak zuzentzen duen taldeak, egoera hori konpondu beharrean, hitzarmen kolektiboaren alde bakarreko aldaketa egin zuen 2021ean, langile horiei behar lukeenaren erdia ordaintzen jarraitzeko.

Orain epaitegiek arrazoia eman diote berriro ELAri, eta Udalak erdia ordaintzen jarraitzeko alde bakarrez egin zuen Hitzarmen Kolektiboaren aldaketa legez kanpokoa dela ezarri dute. Azken batean, langile horiek Hitzarmen Kolektiboak ezarritako soldata kobratuko dute, hau da, orain irabazten zutenaren ia bikoitza.