ELAk gehiegizko irizten die Lan sailburuak ekainaren 19rako ezarri nahi dituen gutxieneko zerbitzuei
Eusko Jaurlaritzaren Lan sailburuak ekainaren 19ko greba orokorrerako gutxieneko zerbitzuak zehazteko aginduari kritika egin dio ELAk. Ekainaren 6an izan zen bileran, osasun-zerbitzuei buruz adostasuna iritsi arren jaiegunetako moduko lana egingo da, beste gai batzutan, batik bat garraioetan, akordiorik gabe amaitu zen hilak 6an.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak dekretuz ezarri ditu gutxieneko zerbitzuak, sindikatuei galdera ere egin gabe, eta honi Gobernu espainolaren ordezkariak 19an manifestazioak egiteko debekua gehitzen zaio. Hau agintekeria hutsa da, eta debekuak euskal kutsua duen edozerren aurka Nafarroako agintariek duten jarrera islatzen du, esan zuen Jose Elorrietak.
German Kortabarria sindikatuko eledunak esan duen moduan, sindikatuok, eta ELAk noski, ez dute greba hau herritarren kontra egiten, eta herritarren funtsezko eskubideak jokoan daudenean erakutsi dugu nahikoa borondate gai horri irtenbidea bilatzeko, osasun-zerbitzuetan gertatu den bezala.
Joseba Azkarraga Lan sailburuak garraioetan %20 zerbitzuak ziurtatu nahi ditu greba egunez, eta honi buruz Kortabarriak dio gobernuak patronalaren presioei men egin eta, gure ustez, beharrezko ez diren gutxieneko zerbitzuak ezarriz ez du herritarren oinarrizko eskubideen alde jokatzen, baizik eta grebaren aurka eta grebaren ondorenak desitxuratzearen alde, 19a egun normalaren itxura eman dezan. Izan ere, kasuren batean garraioa beharrezkoa balitz askoz gehiago zehaztu eta arrazoitu beharko litzateke, eta ez zerbitzuak pisura ezarri, portzentaje arbitrario baten arabera.