ELAk gehiegizko irizten die Lan sailburuak ekainaren 19rako ezarri nahi dituen gutxieneko zerbitzuei

2002/10/21

Espainiako Gotzainen Konferentziak, aski era trakets eta gatazkatsuan onartu ostean, terrorismoaren jatorri eta izaerari buruzko ‘instrukzio’ bat argitaratu du joan den astean. Hautsak harrotu ditu agiriak, terrorismoaz haratago nazionalismoaren helburuak ere auzitan jarri baititu.
Zer dela eta egin dute gotzain espainolek honelako paper bat? Jakina zen Aznarrek eta bere alderdiak, PSOEk eta estatuko hainbat eragile eta hedabidek euskal gotzainei behin eta berriz kargu hartu izan dietela –irainik gordinenak bota dizkiete, batik bat Setien gotzain ohiari– gatazka politikoari eta bortizkeriari buruz esaten zutena gogoko ez zutelako. Ezker abertzalea legez kanpo jartzeko egin zen alderdi politikoen lege-aldaketaz euskal apezpikuek emandako agiriarekin sutan jarri ziren: Aznarrek “perbertsio morala” egotzi zien.
Beraz, orain PPk eta PSOEk Itun Antiterroristari azken oina ezarri diote –alderdi politikoak, sindikatuak, botere judiziala, prentsa, etab. lehenago ere bazeuden–, eta horretarako bada ezpada Eleiza katolikoaren finantzaketa, aurrekontuen bidez, estatuaren esku dagoela gogora arazi diete apezpikuei (errenta-zergan boikota egin beharra ere aipatzen zuten beroaldian). Benetan jakingarria, Aznar diktatore txikiak gizarteaz duen pentsamolde totalitarioa (eta ustez ezkerreko diren askok bere egiten dutena): herritar eta erakunde guztiak, politiko zein sozial, kultural nahiz erlijioso, estatuaren esanetara daude, eta honen ekintza politikoaren atal bilakatzen dira.
Horren guztiaren ostean, ordea, galdera inozo bat dator: Giroa berotu eta gaiztotzeaz gainera, aurreratu al da batere konponbidea lortze aldera?