Gipuzkoako Ostalaritza

ELAk, gehiengo osoa izanik, hitzarmena bultzatu du

2023/03/14
Gaur, Gipuzkoako ostalaritzako hitzarmenaren negoziazio mahaia bildu da ELAk eskatuta. Patronalak eta gainerako sindikatuak deitu ditu sektorean lan egiten duten 17.000 pertsonen baldintzak arautu eta hobetzeko.

ELAk, %55eko ordezkaritzarekin, sektoreko langileen baldintzak arautzeko premia eta beharra adierazi du. ELAk, besteak beste, KPIren araberako soldata igoerak, ordutegi kontrolak, subrogazioa arautzea, jazarpenaren aurkako protokoloak ezartzea, berdintasun planak arautzea, 2010eko hitzarmenean antzinatasunari, bajen osagarriari, lizentziei eta baimenei dagokienez jasotako eskubideei eustea eta hitzarmen honen aplikazioa blindatuko duten klausulak finkatzea aldarrikatzen du.

ELAren ustez, oraingoa une egokia da aldarrikapen hauek gauzatzeko, eta sektorean mobilizaziorako deia egingo du, sektoreko arazo larrienak konponduko dituen hitzarmen on bat lortzeko.