ELAk Gernikako ekitaldiaren X. urtemuga ospatu du

2007/10/09
Urriaren 18an beteko dira hamar urte ELAk Gernikan ekitaldia egin zuela. Bertan, milaka pertsonen aurrean, estatuak izaera soziala onartzen ez zuen heinean eta esparru juridiko-politikoak gure autogobernua garatzeko gutxiengo bermeak ematen ez zituelako, ELAk hiltzat eman zuen estatutua.

Hori dela-eta urriaren 10ean ELAk ekitaldi bat ospatu du Bilboko Arriaga Antzokian. "Lizarratik Garazira indarrak biltzeko bidea" lemapean. Bilbon burutu den ekitaldia goizeko 10.00etan hasi da Izaskun Garikano, Gizalan federazioko idazkari nagusiaren hitzaldiarekin. Ondoren, Adolfo Muñoz eta Jose Elorrietak hartu dute parte.

Garai bat amaitu zela egiaztatu eta gero, ELAk lan harremanen euskal esparruaren aldeko apustua berretsi zuen, gehiengo sozialak eraginkorra izateko aukera izango lukeen esparru juridiko bat, alegia. Beste erabateko gizarte eredu baterantz aurrera egiteko, eduki sozialaren beharra azpimarratu zuen eta, bide batez, lanerako metodo bat ezarri zuen egoera berrirako: indarren metaketa.

Indarren metaketa honen giltza “herri bezala euskal herritarroi subirotasuna eta erabakitzeko eskubidea guri dagokigula onartzen duten demokratak geureganatzean” datza. Horrela, ELAK prozesu berri hau erakargarria izan zedin eta oniritziak jaso zitzan borroka armatuarekin amaitu beharra zegoela baieztatzen zuen. “ETA soberan dago eta oztopoa da prozesu honetarako”. Gernikako ekitaldiak Lizarra-Garazi akordiorako abertzale arteko erreferentzi mankomuna izan zen.

Hamar urte igaro ondoren, ekitaldi honetan lan harremanen euskal esparruaren, politika sozialen eta joko arauen inguruko hausnarketa egingo du ELAk eta, bide batez, egoera politikoaren ingurukoa.

Ikuspuntu orokor horretatik harturik, ELAk indar soberanisten hausnarketa eta eztabaidarako ekarpena egin du.

Azkenik, ekitaldia eta gero, urriaren 9an izandako atentatua salatzeko kontzentrazioa egin da Arriaga Antzokiaren aurrean, "Langile eta abertzale garelako. Ez gaude ados" lelopean.