ELAk GESeko 453 langileren kaleratzea salatzen du

2017/02/01
ELAk GESeko 453 langileren kaleratzea salatzen du
Global Energy Services-eko zuzendaritzak enpresa hartzekodunen konkurtsoan dagoela eta plantillaren %69 kaleratzeko asmoa duela jakinarazi die ordezkari sindikalei. Beste modu batera esanda, enpresako 629 enplegatuetatik 453 langile kaleratu nahi dituzte. Horrez gain, urtebeteko behin-behineko enpleguaren espedientea proposatu dute, eta baita enpresan geratuko diren langileen soldatetan %5eko murrizketa egitea ere.

Global Energy Services-eko zuzendaritzak 453 langile kaleratuko ditu. Hala jakinarazi die ordezkari sindikalei. ELAren iritziz, enpresaren bideragarritasunaren baitan plantilla mantentzea ere hartu behar da kontuan. Orain aurrean dugun ekimenaren asmoa, ordea, lan-erreformaren eta konkurtsoen legearen baliabide guztiak erabiliz, langile asko kaleratzea da.

Enekuriko lantegian 160 bat langilek egiten dute lan, eta horietako askori eragingo die neurri honek. Hori dela eta, lanaldi erdiko lanuztea egingo dute otsailaren 1ean. Lanuztearen helburua plantilla osoa eta lan-baldintzak mantentzea da.