Esku-hartze Soziala

ELAk gida bat aurkeztu du sektorean osasun mentala bermatzeko

2025/04/14
ELAk inkesta bat egingo die Esku Hartze Sozialeko 3800 langileri, arrisku psikosozialak ebaluatzeko, ‘Zure burua zaintzea lanaren parte da' kanpainaren barruan. Ekimena Bizkaian hasi da eta egungo abusuzko lan baldintzei eta osasun mentaleko ondorioei aurre egitea du helburu

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko ordezkariek ELAk abiatuko duen 'Zure burua zaintzea lanaren parte da' kanpaina aurkeztu dute prentsaurrekoan. Sindikatuak zentroz zentro banatuko duen gida bat sortu du; langileak zer-nolako arrisku psikosozialak jasaten ari diren detektatuko dituzte inkesta baten bitartez, eta kasu bakoitzaren arabera, horiei aurre egiteko eman beharreko urratsak zeintzuk diren jakingo dute. Azken urteetan diagnostiko bat egin ondoren, ELAk salatu du sektoreko laneko osasuna eta segurtasuna ez dagoela bermatuta. “Ez dago borondate politikorik ezta baliabide nahikorik ere, nahiz eta, kasu batzuetan, ebaluazioek arrisku larriko egoerak identifikatzen dituzten dagoeneko”, azaldu du Vanesa Nuñez ordezkariak.

ELAk azpimarratu du egoera batzuek eragin zuzena dutela langileen osasunean: 10 ordutik gorako lanaldiak, txandakako lana eta asteburuetan lan egitea, gaueko txandak, bakarkako lana, bajak eta oporrak ez ordezkatzea, zerbitzuen saturazioa, laguntza psikologikoko lanpostuak ezabatzea, enpresek eta mutualitateek lanetik eratorritako bajak ez aitortzea, kontziliatzeko ezintasuna, indarkeria-gertakariengatiko arrisku-egoerak, etab. “Baldintza horiek normalizatzen ari gara, batzuetan, ematen du bokazioak dena estali dezakeela”, salatu du Andrea, ordezkariak.

ELAren arabera, patronalek eta erakunde publikoek lantokietako osasunarekiko duten axolagabekeria handitzen ari da. Kargak eta lan-erritmoak areagotzeak eta arreta-ereduaren gabeziek (ratio desegokiak, etab.) agerian utzi dute arrisku psikosozialetan benetako neurririk ez dagoela. Sindikatuak premiazko neurriak eskatu dizkie Gizardatz eta Geroan patronalei, Eusko Jaurlaritzari, EUDELi eta Bizkaiko Foru Aldundiari, Esku-hartze Sozialaren sektorean segurtasuna bermatzeko.

Era berean, ELAk eskatzen jarraituko du lan-osasuneko protokolo guztiak berrikusteko eta beharrezkoak direnak sortzeko; dekretuak premiaz berrikusteko; hitzarmenak babestutako aldizkako kontratu finkoekin amaitzeko eta profesional gehiago berehala kontratatzeko; zerbitzu-sarea eta titulartasun publikoko zentroen sarea handitzeko, bai eta dauden zentro guztiak egokitzeko ere, hezkuntzako esku-hartze egokia garatzeko espazioak bermatzeko eta, azken helburu gisa, zerbitzua publiko egiteko.