ELAk Gipuzkoako egoitzen hitzarmena inpugnatuko du EAEko Auzitegi Nagusian, diskriminatzailea eta antisindikala izateagatik

2022/09/19
ELAk erabaki du EAEko Auzitegi Nagusian inpugnatzea UGTk sektoreko hiru patronalekin gutxiengoan sinatutako Gipuzkoako Egoitzen hitzarmena, diskriminatzailea eta antisindikala dela iritzita. Horretarako, eta lehen urrats gisa, ELAk EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari eskatu dio indarrik gabe utz dezala UGTk eta patronalek langile guztiei ezarri dieten hitzarmenari atxikitzeko epea. Sindikatuaren ustez, testuak baldintzak hobetzeko 260 eguneko greba egin duten langileek amore ematea baino ez du bilatzen.

ELAren zerbitzu juridikoek uste dute hitzarmenaren zenbait artikulu legearen aurkakoak direla, parametro diskriminatzaileak eta antisindikalak sartzen baitituzte. ELAren eskaerak baietsiz gero, askatasun sindikalerako duen oinarrizko eskubidea babesteagatik erreklamazioa egiteko bidea irekita geratuko litzateke.
Gogoan izan behar da joan den uztailaren 29an UGTk eta ADEGI,LARES eta GAREN patronalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta, eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat adostu zutela Gipuzkoako egoitzen sektorerako. Hitzarmen horrek UGTren babesa baino ez zuen izan, % 8ko ordezkaritza baitu. Akordio horren helburua zen langileek amore ematea, 260 egun baino gehiago iraun duen greba desaktibatzea.

ELAren ustez, 3. artikulua, atxikitze-araubideari buruzkoa, diskriminatzailea eta antisindikala da, UGTren interesen alde egitea eta atxikipen-epeekin langileei xantaia egitea bilatzen baitu. Gogoratu behar da 2011n, sektore horretan bertan, UGTk eta CCOOk eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat sinatu zutela, Auzitegi Gorenak antisindikal eta, beraz, ilegaltzat jo zuen atxikimendu-testu oso antzekoarekin.
Atxikipen-araubideaz gain, ELAren zerbitzu juridikoen ustez, II. kapitulua (8. eta 9. artikuluak); 10. artikulua; 11; art. 12; art. 13; art. 18; VII. kapitulua (31. eta 32. artikuluak); 34; art. 35; XII. kapitulua (41., 42. eta 43. artikuluak); eta hitzarmenaren lehen eta laugarren xedapen gehigarriak ere legez kanpokoak dira, proiekzio eta eraginkortasun orokorreko lan- eta enplegu-baldintzak arautzen dituztelako, eta gai horiek ezin dira inola ere eraginkortasun mugatuko hitzarmen batean arautu, hala nola, lanaldiak, egutegiak, funtzioak eta abar.

Horregatik guztiagatik, ELAko zerbitzu juridikoek urrats hauek egitea erabaki dute:

1.- ELAk dagoeneko eskatu dio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari kautelazko neurria, hitzarmenean jasotako atxikitze-formula bertan behera uzteko. Uzia edo eskaera da atxikitzeko edozein epe geldiaraztea, demandaren ebazpen judiziala eman arte.

2.- Hitzarmen kolektiboa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian aurkaratzea, lehen aipatutako artikuluak legez kanpokotzat jo eta deusezta daitezen. ELAren iritziz, xedapen antisindikalak, arbitrarioak eta ilegalak dira.

3.- Hitzarmenaren inpugnazioa onartzen bada, ELAk akordioaren sinatzaileak auzitara eraman ahal izango ditu, askatasun sindikala urratzeagatik, eta dagozkion kalte-galerak erreklamatu ahal izango ditu.

Beraz, sektore honetako lan-baldintzak eta bizi-baldintzak duintzeko sektoreko langileen borroka ez da amaitu. Hasitako bide juridikoaz gain, eta sindikatu- eta lege-marjinak kontuan hartuta, ELAk sektoreko mobilizazioak berraktibatuko ditu.