Gipuzkoako egoitzetan ekainaren 1etik greba mugagabea deitu du ELAk
Aurreko greban bezala, enpresa hitzarmena duten lan-zentroetan eta oraindik akordiora iritsi ez garen enpresetan, enpresako greba deialdia sartu dugu, eta beste aldetik ere sektoreko greba deialdia sartu dugu akordioa ez duten sektoreko langile guztientzat.
Gaur dagoeneko 24 egoitzetan eta eguneko zentro askotan akordioak itxi ditugu, eta greba mugagabea hasi aurretik beste 15 egoitzetan gutxienez akordioa ixteko aukera dago. Argi daukagu orain dela hilabete baino askoz hobeto gaudela sektorean, borrokak bere fruituak eman dituela eta emango dituela, eta akordio berriak lortuko direla. ELA borrokan jarraituko du langileak borrokatzen jarraitzeko prest dauden bitartean.
Lan gatazka hau, 2014 ko urritik dator, patronalak irekitako mahai desberdinetan akordio orokor bat egiteari ezezko borobila eman baitio. Puntu honetan gogoratu nahi dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) martxoaren hasieran bi aldeei, sindikatuei eta patronalei, akordio proposamen bat luzatu ziela, 2015 urterako %2ko soldata igoera, 2016rako KPI+2ko soldata igoera, igande eta jaiegunetako plusa ia bikoiztea, gau iraunkorretako langileen gaueko plusa %50 igotzea, eta aintzinatasun plusa ere igotzeko proposamena. GFAk bere proposamenean ere lan erreformaren aurkako bi klausula ezartzen zituen, eta bi aldeei eskatzen zien sektoreko prekarietatea gutxitzeko gai desberdinak jorra zitzatela (egutegia, ebentualen egonkortasuna, jardunaldi partzialak...); akordio batera iristeko lau asteko epea ezartzen zuen. Akordio hau lortzeko GFAk 11,5 milloi euroko partida bat bultzatzen zuen.
Patronala desagertu egin zen eta bere jarrera inmobilista mantenduz oso mezu argia helarazi du, ez gaur eta ez inoiz ez duela onartuko proposamen hau, ezta 2013 eta 2014ko akordiotan aurrikusitakoa ere. Patronalaren erabakia argia da: ez dute ezer negoziatu nahi. Beraien estrategia bakarra EZ negoziatzea da. Sektorea blokeatu nahi dute, jakinagatik GFAk finantzatzen duela ia bere osotasunean sektorea.
ELAren ustez, posible da enpresa guztietan akordioak ixtea, baita sektore osoan ere, baina patronalaren jarrera inmobilistak inoiz iritsi behar ez zen lan gatazka okertu besterik ez duela egingo uste du.