ELAk Gipuzkoako ileapaindegien eta estetika-zentroen hitzarmena sinatu du
Gaur ELAtik jakitera ematen dugu aurre-akordio bat lortu dugula. Horren bidez sektoreko lan-baldintzak berrituko dira, eta negoziazio kolektiboaren erreformen ondoriorik txarrenak alde batera utziko dira. Hona hemen aurre-akordioaren eduki nagusiak:
-
Indarraldia: 2008-2016.
-
Soldatak: %9,94ko igoera, eta atzerakinak 2008tik. Aldi osoan soldata-igoerarik izan ez duten langileentzat atzerakinak 6.500 €-koak izango dira erdi-mailako kategorian.
-
Aurrera-eragina: mugagabea.
-
Inaplikazioa: alderdien arteko adostasunez.
-
Malgutasuna: lanaldiaren banaketa irregular gehiago eragotzita.
-
Gainera, egitura-ordu osagarriak finkatzeko formula bat jaso da, eta orain arte sektorean izan ez den garraio-plusa gehiturik.
Negoziazio kolektiboaren bi erreformen ondorioz (PSOErena, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa bultzatu zuena; eta PPrena, hitzarmenen aurrera-eragina kendu eta inaplikazioa nabarmen erraztu zuena) Gipuzkoako ileapaindegien sektoreko kontratazio berri askori, 2013ko uztailetik aurrera, Estatuko Ileapaindegien Hitzarmena aplikatu izan zaie, eta soldata 11.700 €-koa izan da, Gipuzkoako Hitzarmenaren 12.900 €-koaren aldean.
Beraz, hitzarmen berri hau sinatu izana aurrerapen handia izan da bai soldatak zenbait urtetan izozturik izan dituztenentzat, bai negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren ondorioak pairatu dituztenentzat.
ELA poztu da hemengo errealitate sozioekonomikoarekin lotuago dauden sektore-akordioak sinatzeagatik; erreformak alde batera uzten baitira, eta soldata-igoerak KPIrekiko, hau da, bizi-kostuaren igoeraren araberakoak baitira.