ELAk giza katea osatu du EAJren eta EH Bilduren egoitzen artean aurrekontu sozialak eskatzeko

2021/12/17
'Aurrekontu hauei ez. Aurrekontu sozialen alde' lelopean, Bilboko EAJren (Sabin Etxea) eta EH Bilduren (Venezuela plaza) egoitzak batu ditu gaur ELAk giza kate batekin, Eusko Jaurlaritzak (EAJ-PSE) eta koalizio abertzaleak hitzartutako aurrekontuen aurka egiteko; datorren astean onartzekoak baitira Gasteizen.

ELAren ustez, aurrekontuak “bide beretik doaz eta antisozialak dira”. Gehien handituko den partida zor publikoarena da, % 13ko igoerarekin, eta Hezkuntza moduko partidak, aldiz, 2021ean inbertitzea aurreikusten dena baino gutxiago jasoko du. “Publikoa denak indarra galduko du. Jaurlaritzako sailetarako erabilgarri dagoen dirua % 2,5 baino gutxiago handituko da, inflazioaren beraren azpitik”. Gainera, ELAk gogorarazi du diru sarrerak bermatzeko oinarrizko errentan murrizketek dirautela (hilero ia 300 euro gutxiago izan daitezke), eta Eusko Jaurlaritzako langileei negoziazio kolektiborako eskubidea ukatzen zaie. Era berean, zerga erreforma egiteari ere uko egiten zaio. “Beraz, baztertu egiten da diru bilketa handitzeari, Europar Batasuneko txikienetakoa izanagatik ere”.

Aurrekontu horiek ere ez dute balio izan pandemiak agerian utzi dituen behar sozialei erantzuteko: “Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna ahalik eta gutxien gastatzea da, eta horixe egin du Covid-19aren pandemia lehertu denetik”.

Gainera, ELAk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzaren eta EH Bilduren arteko akordioak % 0,5 baino gutxiago aldatzen duela 2022ko aurrekontua, eta ez dakarrela edukietan inolako egiturazko aldaketarik. Hori gutxi ez, eta hitzarmenaren sinadurarekin “koalizio abertzaleak uko egiten dio datorren urtean aurrekontua handitzea ekarriko luketen aldaketak proposatzeari. Eta ezin izango du hobekuntzarik proposatu hainbat arlotan, hala nola hezkuntzan, osasunean, etxebizitzan, gizarte prestazioetan edo Urkulluren gobernuaren beste edozein esparrutan”.

ELAk kalera eraman nahi izan du bere gaitzespena 200 parte hartzailek baino gehiagok osatutako giza katearekin, eta aurrekontu sozialak eskatu dizkie EAJri, PSEri eta EH Bilduri. “Aurrekontuak, neurri politiko guztiak bezala, edukiaren arabera dira onak edo txarrak. Indar politiko batek edo besteak babesteak ez ditu hobeak edo okerragoak egiten, eta ez du ELAren.