ELAk gizarte-larrialdietarako laguntzak bermatzea eskatzen du

2010/07/29
ELAk bere garaian salatu zuen diru-sarrerak bermatzeko legeak ez zuela arazoa konponduko. Behar handia pairatzen duen jende asko urtero laguntzarik gabe geratzen da.

Mikel Noval ELAko gizarte-politikako arduradunak salatu duenez, “gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) ez dira eskubidetzat aitortzen, eta honetarako Jaurlaritzak diru gutxi bideratzen duenez, behar handia pairatzen duen jende asko urtero laguntzarik gabe geratzen da”.  

Novalen ustez, egoera honen ardura PSOEk, EAJk, EAk eta EBk dute, “2008ko abenduan diru-sarrerak bermatzeko legea adostu baitzuten; legeak aurreko egoerari jarraipena eman zion, hots, GLL soilik aurrekontuan dirua badago ematen dira”. 

Sindikatuko gizarte-politikako arduradunak gogoratu zuen legez, “ELAk bere garaian zuen lege hark ez zituela eskubideok babesten. Orduan ere deitoragarria irizten genion legea onartu zutenen jarrerari, besteak beste Gemma Zabaleta berarena, hauen arabera laguntza hauek bermatuta baitzeuden”. 

Novalek esan du egun gertatzen ari denak agerian uzten duela “Gemma Zabaletak ez zuela egia esan GLLen arazoa amaitu zela adierazi zuenean behin eta berriz”.

Novalek aipatu duenez, “Jaurlaritza GLLak murrizten ari da, etxebizitza bakoitzeko laguntza jaso dezaketen lagunen kopurua mugatuta. Bere helburua gastua gutxitzea da, eta orain udalei eskatzen die ez daitezela hain eskuzabal izan, hots, beharra dutenak laguntzarik gabe utz ditzatela. Gertatzen ari dena eskandaluzkoa da. Jende asko babesik gabe uzten ari dira, eta sailburuak udalei eskatzen die are gehiago murriztu dezatela gastu hau”.

Azkenik, ELAko ordezkariak eskatu du politika alda dadila. “Legea aldatu beharra dago, GLLak herritarren eskubidetzat aitor daitezen; larrialdi egoera guztiak hartu behar dira aintzat”. Novalek esan du neurri hau helarazi ziola, beste proposamen batzurekin batera, Jaurlaritzari, baina honek erantzunik ez  du eman. Gobernu honek “gogoeta egin beharko luke eta beste era batera jokatu beharko luke: alde batera utzi behar ditu nagusikeria eta erabateko porrota izan duten politikak saltzeko propaganda”.