ELAk Gobernuari inbertsioari dagokionez hartutako konpromisoak betetzeko eskatu dio
ELAk salatu du hezkuntza-inbertsioa oraindik ere ez dela nahikoa Nafarroan. Ikasturtez ikasturte egiaztatu da hezkuntza-sistemak dituen beharrei ez zaiela behar bezala erantzuten, behar adinako inbertsiorik ez dagoelako.
Sindikatuak urteak daramatza ohartarazten UNESCOk gomendatzen duela hezkuntza eskaintza kalitatezkoa izan dadin administrazio bakoitzaren barne produktu gordinaren % 6 bideratu behar dela. Aldiz, urtez urte, Nafarroako aurrekontu orokorrek islatzen dutena da ez dela BPGren % 4ra ere iristen.
Bereziki deigarria da Nafarroako Gobernuak bere akordio programatikoan adostutakoa ere betetzeko asmorik ez izatea. Bertan, BPGren % 5 hezkuntzan inbertitzeko konpromisoa jasotzen da, baina gaur egun % 3,8an dago. Gainerako 1,2arekin, 310 milioi inguru gehiagorekin, behar bezala egin ahal izango litzaieke aurre gastuei, hala nola sindikatuek proposatutako zifretara etapa guztietan ratioak linealki murrizteari (131 milioi Departamentuaren arabera) eta galdutako erosahalmena berreskuratzeari (114 milio, Administrazioaren % 15eko galeraren kalkuluaren arabera). Guztira 245 milioi, eta beraz, gainontzeko 65 milioiekin beste eremu askotan hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzen jarraitzeko aukera izanen litzateke; adibidez, aniztasunari arreta handiagoa eta hobea eskaintzea, ikastetxeetan beste profesional batzuk txertatzea (erizainak, psikiatrak, gizarte-langileak...), gainkarga murriztea, irakasleen egonkortasuna edo azpiegiturak hobetzea, besteak beste.
Jakina da Nafarroako aurrekontu orokorrak, abenduan bozkatu eta onartu ohi diren arren, udan hasten direla lantzen. ELAk sistemaren benetako beharrak behingoz kontuan har daitezela eta kalitatezko hezkuntza-zerbitzua bermatuko duten beharrezko baliabideekin finantzatzea eskatu du.