ELAk gogor salatzen du Partaide eta LABek ikastoletan sinatu duten akordioa

2011/10/10
Akordioak murrizketen zati bat onartu eta langileak salduta utzi nahi ditu bere eskubideak defendatu eta negoziatzerako orduan. ELArentzat, langileen interesei begira eta ikuspegi sindikaletik, guztiz onartezinak dira bai akordioaren edukiak baita eramaten ari den prozedura ere.

Urriaren 7an aditzera eman duten arren, iazko ikasturtetik hona Partaide eta LABek aldebakarrez inolako negoziazio mahairik ireki gabe negoziatutako akordioa da orain plazaratzen dutena. Uztailean, oporren bezperan, loturiko aurreakordioak eta orain publiko egin duten akordioak murrizketen zati bat onartu eta langileak bere eskubideak defendatzerako eta negoziatzerako orduan aukerarik gabe utzi nahi ditu. ELArentzat, langileen interesei begira eta ikuspegi sindikaletik, guztiz onartezinak dira bai akordioaren edukiak baita eramaten ari den prozedura ere.

Besteak beste, Lourdes Uranga, Ikastoletako arduraduna, Xabier Irastorza, irakaskuntza alorreko burua eta Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduradunak, hartu dute parte Bilbon egin prentsaurrekoan.

Hauek dira akordioaren oinarrizko edukiak:

·   2010eko murrizturiko soldata zatiak bueltatuko dituzte.

·   2011ko murrizketak langileek beregain onartu beharko dituzte, ikastoletako titularrek langileen galera ekonomikoa aitortuko omen dute eta etorkizuneko negoziaketetan adostuko litzateke nola konpentsatu, beti ere finantzaketa publikorik balego.

·   Akordio honekin bat egiten duten langileek ikastolen titularren aurka erreklamazioak ez egiteko konpromisoa hartzen dute eta sinatzen duten sindikatuek murrizketengatik orain arte aurkezturiko erreklamazioak erretiratu eta gehiago ez aurkezteko konpromisoa.

·   Langileon alde irten zen murrizketen sententziari Partaidek ezarririko helegiteak beraiei arrazoi emango balie langileek ez lukete dirurik bueltatu beharko, baina aurreko sententzia berretsi eta behin betikoz langileen alde irtengo balitz langileek uko egin beharko lieke erreklamazioak aurkezteari, eta ondorioz, hitzarmenak eta epaiak aitorturiko eskubideari.

·   2012ko lehen hiruhilekoan, momentuko lan-baldintzetan oinarrituta, Lan Hitzarmenaren negoziaketari ekiteko konpromisoa hartzen dute.

Zer suposatzen du akordio honek?

·   Murrizketen aldebakarreko onarpena eta ondorioz LABek berak sinaturiko Lan Hitzarmena urratzea eta baliorik gabe uztea, epaitegiek patronalak Lan Hitzarmena errespetatu eta betetzera behartu arren.

·   Sindikatuok, LAB barne, aurkezturiko gatazka kolektiboaren bidez epaitegiek onartu dizkiguten eskubideei uko egitea eta praktikan indarrik gabe uztea.

·   Sinaturikoa onartuz gero langile bakoitzak epaitegiek onarturiko eskubideen baitan erreklamazioak egiteko duen eskubidea baliogabetzea.

·   Langileoi egiten zaigun txantajea onartzea. Hau da, berez dagokigunaren eta epaitegiek onartu digutenaren zati nagusienari uko egitea, 2010eko hilabete batzuetan kendu digutena bueltatzearen truke.

·   Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren murrizketa politika onartzea eta langileon erantzuna ahultzea. Murrizketak negoziatu eta onartu daitezkeela diruditen esparruak irekitzen dira.

·   Hitzarmenaren negoziazioari egungo murrizketen egoeratik abiatzeko aukera irekitzen da, hitzarmenaren ultraaktibitatea bera zalantzan jarriz.

·   Etorkizunean ikastoletan egin daitekeen negoziazio kolektiboa eta langileen lan baldintzak erabat gobernuen finantzaketa borondate eta erabakien baitan uztea.

·   Murrizketen aurrean ikastoletan orain arte eginiko bidea zapuztu eta baliogabetzea.

·   Langileok eta sindikatuok negoziatzeko eta gure eskubideak defendatzeko ditugun tresnak indargabetu eta baliogabetzea.

ELAren balorazioa eta jarrera

ELArentzat onartezina eta oso larria da, bai forma aldetik baita eduki aldetik ere, Partaide eta LABek lotu duten akordioa.

Guztiz salagarria da akordio honen inguruko elkarrizketa eta negoziazioa ezkutuan eraman izana.

Oso larria da langileoi horrenbeste eragiten digun akordio bat modu honetan, negoziazio mahairik ireki gabe, langileen ordezkaritzaren zati garrantzitsu bat baztertuz eta kontutan izan gabe eta ia langile guztiak oporretan daudenean, adostu izana, langileen eta gainerako sindikatuen erantzuna mugatu eta isilarazi asmoz.

Akordioaren inguruan ez Partaidek ezta LABek ere ez du ELArekin hitz egin nahi izan berau erabat itxita egon artean eta behin itxita egondakoan soilik jakinarazi digute edo egon nahi izan dute ELArekin.

Partaidek bere interesak defendatu ditu, murrizketen inguruko gatazkari bere aldeko irtenbidea emanez. Baina ulergaitz eta onartezina gertatzen da LABen jarrera. LABek, langileen eskubide eta interesak alde batera utzita bere egiten ditu Partaideren interes eta planteamenduak. LABek sinaturiko akordio honek langileak saldu eta murrizketen aurrean egin dugun bidea eta irabazitako eskubide eta negoziazio ahalmena indargabetzen du; hasieratik patronalek nahi izan duten moduan gatazkaren kudeaketa eta kontrola berriro ere patronalen eta gobernuen esku jartzen du.

Hau honela izanik, zergatik sinatu du LABek akordio hau? Zergatik kasu honetan langileen interes eta eskubideak alde batera uzten ditu eta egiten du bat krisiaren eta murrizketen aurrean gainerako arloetako patronalek eta neoliberalenek egiten dituzten planteamenduekin? Akaso ikastoletako langileen interes eta eskubideak bigarren mailakoak dira eta beste interes batzuen menpe jartzeko modukoak?

Bestalde, Partaidek bere aurpegirik neoliberalena atera du oraingo honetan, murrizketen pisua langileei ordain araziz eta horretarako ohiko patronalen tresna guztiak erabiliz. Aldebakarreko negoziazioa inolako negoziazio mahairik ireki gabe, txantajea erabiltzea, zati txiki baten ordainketa gehiengoari uko egitearen truke, hitzarmenaren negoziazio berrirako aurrekoak baino baldintzak okerragoak abiapuntu moduan hartzeko aukera zabaltzea, lan baldintzen hobetzea finantziazio publikoari lotzea, langileak bere eskubideei uko egitera behartzea…

Zergatik bueltatzen da 2010ean kendurikoa eta ez 2011koa? Zergatik irekitzen da 2012ko balizko Lan Hitzarmen berri baten negoziazioa momentuko murrizturiko lan baldintzetatik abiatzeko aukera?

Zergatik baldintzatzen du LABek etorkizuneko negoziazio kolektiboa finantzaketa publikora? Zer esan nahi du honek, ikastoletako langileen lan baldintzak finantzazio publikoaren baitakoak izango direla eta gure negoziazio ahalmena desagertu egingo dela? Zer gertatuko da Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurreratu duten moduan finantziazio publikoa murrizten badute?

ELAk murrizketak salatzen eta ikastoletako langileak defendatzen jarraituko du

Egoera tamalgarri eta larri honen aurrean ELAk orain arte mantendu duen jarrerari eutsiko dio. Gobernuek eta irakaskuntzako patronalak inposatzen ari diren murrizketak salatzen eta aurre egiten jarraituko du, orain arte eginiko erreklamazioak mantenduko ditu eta etorkizunera begira egin beharrekoekin jarraituko, eta murrizketen aurka beharrezko ikusten ditugun salaketa eta mobilizazioak bultzako ditugu.

Eginiko planteamenduaren eta adosturikoaren baitan garbi geratzen da, orain arte behin eta berriro esan zaigunaren aurka, Partaidek baduela negoziatzeko tarterik, baina ez duela horretan langileok eta sindikatuok inolako iniziatibarik izatea nahi. ELAk buru belarri jarraituko du honelako egoerei aurre egiten, langileen eskubide eta negoziazio ahalmenaren defentsan eta hezkuntza eta zerbitzu publikoak jasaten ari diren erasoei erantzuna ematen.