ELAk greba-deia egin du Bizkaiko zahar-etxeetan abenduaren 15etik aurrera
Sektoreko patronalek ez dute proposamenik egin, langileen eskakizunak betetzeko, eta sektorearen baldintzak duintzeko; eta bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du bitartekaritza-lanik egin gatazkari irtenbidea bilatzeko; ondorioz, ELAko ordezkarien batzarrak greba-deialdia egitea erabaki du aho batez.
Batzarrera bildu diren 100dik gora ordezkariak jota harriturik daude patronalaren burugogorkeria dela-eta. Azken proposamena orain dela 50 egun egin zuen, eta sindikatuen iritziz ganoragabea zen, gorde beharreko begirunea galdu zieten langileei, erabiltzaileei eta haien senideei. Horiek guztiek jasan behar dituzte zerbitzuaren gabezien ondorio txarrak, eta hala agertu da behin eta berriro Bizkaiko egoitzetako arretaren kalitateaz egindako txostenetan. Zehazkiago esateko, patronalek soldatetan 6 euroko igoera proposatu zuten bi urtera, eta lanaldian bi orduko murrizketa; era berean, erabateko ezetza eman zieten oso gai garrantzitsuei, besteak beste, oraingo ratioei eta lan-kargei.
Sektoreko ordezkariek, era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren arduragabekeria salatu dute, erakunde hori zerbitzua ematearen azken erantzulea izan arren, bazter batera geratu da gatazka konpontzeko proposamenik egin gabe, gatazka horren eraginpean zerbitzuaren kudeaketa bera eta gure lurraldeko milaka herritar badaude ere. Gure ustez gatazka konpontzen laguntzea Bizkaiko erakunde gorenari ere badagokiola, beraren aurrekontuetatik ateratzen baitira diru-sailak enpresa azpikontratatuetara joateko, eta haiek zerbitzua emateko. Baina zerbitzu hori zalantzan jarri dute behin eta berriz patronalek berek, aldundiak berak eta egoitzetako erabiltzaileek.
Sektoreko ordezkariek gatazkan jarraitzeko asmoa dute, harik eta azaldutako eskariak betetzen diren arte, ratioak hobetzeko diru-sail nahikoak hornitzen dituzten arte, zentroetako pertsonala handitzen den arte, eta langileen baldintzak duintzen dituzten arte.
Greba deialdi berri honen aurrean, grebarekin bat egin dezatela eskatu die ELAk gainontzeko sindikatuei; izan ere, behin baino gehiagotan adierazi baitute Bizkaiko zahar-etxeetako egoeraren dianostikoarekin bat datozela. Atzo bertan LABek diagnostikoa eta helburuekin bat datorrela azpimarratu zuen. Zergatik ez dago greban? Gatazka honetan greba beste biderik ez dagoela argi eta garbi utzi du ELAk, patronalaren negoziazio borondate ezaren aurrean langileen aldarrikapenak defenditzeko greba beste biderik ez baitago.