ELAk greba deialdiari eusten dio Udalhitz hitzarmenaren blokeari aurre egiteko
ELAren arabera, EUDEL osatzen duten alderdiek (EAJ, EH Bildu, PSE eta independenteak) ez dute negoziazioan aurrera egiteko benetako borondate politikorik. Proposamen zehatz gutxi aurkeztu dituztela eta negoziazio mahaian edukirik falta dela salatu du, eta horrek negoziazioa moteldu duela. Gainera, ELAk egindako eskaera gehienak ez dira onartu eta alderdien arteko desadostasunek eta estrategiek egoera blokeatzen ari direla kritikatu dute.
Azken bileran soldaten gaia jorratu zen lehen aldiz. ELAk bi galdera nagusi planteatu zituen: galdutako erosahalmena berreskuratuko den eta etorkizunean espainiar estatutik ezartzen diren igoerez gain bestelako soldata igoerarik egongo den. Erantzunak ez dira baikorrak izan: alderdiek adierazi dute ez dutela aparteko igoerarik aurreikusten, eta horrek aurretik hartutako konpromisoan ez betetzea dakarrela ohartarazi du.
ELAk ondorioztatu du ez dagoela benetako negoziaziorik, "fikziozko” mahaia baizik, aurrerapen zehatzik ez dagoelako, eta EUDEL osatzen duten alderdi politikoei gogoeta egiteko eta negoziazioak blokeatzen ari diren lehia eta estrategia politikoak alde batera uzteko eskatu die. Horregatik, mobilizatzeko deia egin die udal langileei. Dagoeneko egindako lanuzte partzialen ondoren, ELAk bi greba egun deitu ditu maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako.