Nafarroako erresidentziak

ELAk greba deitu du apirilaren 10ean patronalaren blokeoa hausteko hitzarmenaren negoziazioan

2024/04/04
Parlamentuaren parean egindako elkarretaratzean, ELAk iragarri du 21. greba eguna deitu duela Nafarroako egoitzen sektoreko lehen hitzarmena lortzeko. ELAk diru publikoz sostengatzen den sektore baten lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko inplikazio handiagoa eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Nafarroako erresidentzietako langileen egoera oso prekarioa da: urtean 1.792 orduko lanaldia duen estatu mailako hitzarmena ezartzen zaie, 1.000 eurora iristen ez diren soldatak, osatzen ez diren bajak eta asteburu eta jaiegun gehienetan lan egiteko beharra.

2021eko maiatzean, Nafarroako erresidentzien sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia osatu zen. Ordutik, bilera ugari egin ziren 2023ko ekainean patronalek negoziazioa etetea erabaki zuten arte.

ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, hitzarmen honetarako ezartzen dituen aldarrikapen nagusiak 1.592 orduko urteko lanaldia eta 1.500 euroko gutxieneko soldata dira, ratioak hobetzeaz gain. Izan ere, lan baldintza onik gabe, ezin da kalitatezko zerbitzurik izan. Gogoratu behar da Bizkaiko erresidentzietako hitzarmenak 1.592 orduko urteko lanaldia eta gutxienez 1.600 euroko soldata ezartzen dituela, eta horrek erakusten du Nafarroan aldarrikatzen dena egingarria dela.

Erresidentzietako lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko ELAk inplikazio handiagoa eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Diru publikoz sostengatutako eta Administrazioaren menpeko sektorea da, eta, beraz, Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena da. Gogoratu behar da aurreko legegintzaldiko talde parlamentarioek aho batez eskatu ziotela Nafarroako Gobernuari hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko.

Patronala hitzarmenaren negoziazioan ezartzen ari den blokeoaren eta Nafarroako Gobernuaren pasibotasun konplizearen aurrean, ELAk beste greba egun bat deitu du apirilaren 10erako sektore osoan. ELAk deitutako 21. greba eguna izango da. Nafarroako Parlamentuaren aurrean egindako elkarretaratzean, ELAk berretsi du mobilizazioa eta greba direla Nafarroako erresidentzietako lehen hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko modu bakarra.