AMVISA (GASTEIZKO UDALAREN URAK)

ELAk greba deitu du Arreta Zerbitzuan hilabetez

2024/11/15
Greba azaroaren 18an hasiko da, astelehena, abenduaren 15era arte. Plantilla handitzea, lanaldi osoak ezartzea eta lan egonkortasuna aldarrikatzen dute langileek.

ELAk grebara deitu du berriro AMVISAREN Arreta Zerbitzuan, oraingoan ia hilabetez. Azpikontratatutako zerbitzua da, eta 6 pertsona ditu plantillan, horietatik 5 emakumeak. Bezeroarentzako lehen arreta egiten dute, online izapideak, altak eta bajak kudeatu, kontratuen jarraipenak, bestak beste. Datorren astelehenean, hilak 18, hasiko da greba.

Lanaldi partzialean eta egonkortasunik gabe dihardute langileek, eta 1100 euro pasatxoko soldata jasotzen dute. 2011z geroztik berritu ez den Bizkaiko bulegoen hitzarmena aplikatzen zaie. Gainera, ELAk langile falta kritikatu du, zuzenean eragiten baitio arretaren kalitateari; atzerapenak maiz gertatzen dira, eta ordu erditik gorakoak izaten dira. Hori gutxi balitz, administrazio lan asko ezin dira aurrera eraman.

Gainera, subrogaziorako eskubiderik ez dutenez, AMVISAk zerbitzu hori lehiaketara ateratzen duen guztietan, lanpostuak galtzeko arriskua dago, beraz, langileek ez dute zerbitzuan egonkortasunik eta jarraitutasunik.

Uztailean azken greba deitu zenetik, AMVISAk eta azpikontratatutako enpresak ez dute gatazka konpontzeko urratsik egin. Deialdi berri honen bidez, ELAk Gasteizko Udalari eskatu dio sindikatuekin esertzeko, prekarietatearekin amaitzeko neurriak ezar ditzan.