ELAk greba deitu du Bizkaiko eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetan abenduaren 17rako

2021/12/14
ELAk Gipuzkoako eta Bizkaiko DIA supermerkatuetan dituen atal sindikalek greba deitu dute abenduaren 17rako, lan baldintza duinak eta negoziazio propioa defendatzeko. Dia supermerkatuetan estatu mailako lehen enpresa hitzarmena sinatu zenetik, 2014an, langileen lan baldintzak urtez urte okertu egin dira. Abenduaren 9an, ELAk eta LABek enpresa deitu zuten, EAEn eta Nafarroan ordezkatuta dauden sindikatuekin batera, negoziazio mahaia eratzeko asmoz. Zuzendaritzak, aldiz, uko egin zion hura eratzeari, bere negoziazio esparrua Madrilen dagoela argudiatuta. Gauzak horrela, ez zuen inolako interesik agertu Hego Euskal Herrian negoziaziorik irekitzeko. Horregatik, ELAk greba eguna deitu du, negoziazio eremu propioa irekitzea eskatzeko.

Hona hemen ELAk negoziatu nahi dituen edukiak:

1. Soldata igoera duinak.

2. Gure errealitateari egokitutako lanaldi murrizketa.

3. Lanaldi osoko kontratuen aldeko apustua egitea.

4. Behin-behinekotasuna erregularizatzea.

5. Mugikortasun geografikoa ez erabiltzea langileen lan baldintzak prekarizatzeko tresna gisa.