ELAk greba deitu du ekainaren 15erako EAEko eraikinen eta lokalen garbikekuntza sektorean, soldata-arrakalaren aurka

2021/05/24
ELAk Gasteizko kaleak zeharkatu ditu gaur prekarietatearen trenarekin, EAEko eraikinen eta lokalen garbiketako sektoreetako langileek pairatzen dituzten desberdintasunak salatzeko. Mobilizazioan sindikatuak iragarri du greba-eguna deitu duela ekainaren 15erako, eta horrek EAEko eraikinen eta lokalen garbiketako azpisektore guztiei eragingo die. Aldarrikapen nagusia bide-garbiketa publikoaren eta zabor-bilketaren sektore maskulinizatuarekiko dagoen soldata-arrakala ezabatzea da.

Eraikinen eta lokalen garbiketan hainbat azpisektore daude, eta horietako bakoitzak dagokion hitzarmena aplikatzen du. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru probintzia-hitzarmenak daude soldata txikienekin, eta hortik aurrera garbiketen azpisektoreak daude, hala nola Osakidetzarena, Hezkuntzarena, ertzain-etxeena, epaitegiena, etab. Izan ere, euren soldatak administrazioko langile propio gisa lan eginez gero legokiekeenekin parekatu zituzten. Bada, horiek guztiak sektore feminizatuak dira (ia % 90 emakumeak dira), eta, kasu guztietan, soldata-arrakala dago kale-garbiketaren eta zabor-bilketaren sektorearekin alderatzen badugu. Kale garbiketa gehienbat azpikontratatutako sektorea da, eta gauza bera gertatzen da eraikin eta lokalen garbiketarekin; azken kasu horretan, ordea, azpikontratazioa publikoa izateaz gain, pribatua ere bada.
Lurraldearen edota aplikatzeko hitzarmenaren arabera, garbiketako arrakala % 49koa ere izan daiteke EAEko kale-garbiketako soldata txikienarekin alderatuz gero.
ELAk uste du borroka eta mobilizazioaren bidez borroka daitekeela eta borrokatu behar dela, horregatik erabaki du gai hori bere aldarrikapenen erdigunean jartzea, eta dagoeneko garaipen txikiak lortu ditu.
Gaur Gasteizen egin den ekitaldian, hasiera eman zaio garbiketa publiko zein pribatuan soldata-arrakala ezabatzea helburu duen kanpainari. Horretarako, botere politikoa iinterpelatu, eta talde parlamentarioei zuzendutako eskaera bat erregistratu du ELAk, azpikontrata publikoen eremuan arrakala ezabatzeko neurriak har ditzaten eta sektorean erreferente bihur daitezen eskatzeko. ELAk uste du, borondate politikoa izanez gero, administrazioaren azpikontratetan dagoen aldea ezabatzea posible dela.


Prekarietatearen Tourra Gasteizko kaleetan
Gaur, Gasteizen, txu-txu tren batean egindako mobilizazio koloretsua aurrez salatutako egoera hori gizarteratzeko ekitaldietan aurrenekoa izan da, eta ekainaren 15eko greba izango da azken eguna.
Prekarietatearen bira 10: 50ean hasi da, Corte Inglesen ondoan. Ondoren, Emakundera joan da, eta geroago, Andra Mari Zurira. Handik manifestazioa egin dute ehunka lagunek Loma Jeneralaren plazaraino, eta bertan mitin bat egin dute. Parte-hartzaileek nabarmendu dutenez, alde handiak daude eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmenen (langile gehienak emakumeak dira) eta kale-garbiketako hitzarmenen (gizonak dira) artean. Kasurik okerrenean, soldata-arrakala ia % 50era iristen da, eta urteko soldata aldea ia 8.000 eurokoa da.