ELAk greba deitu du Osakidetzaren garbiketan, karrera profesionalagatik eta negoziazio propioagatik

2022/12/12
Abenduaren 14tik 17ra deitu du greba sindikatuak Osakidetzako garbiketako negoziazio-mahaia desblokeatzeko helburuarekin. Azpikontratatutako 1500 langile inguruk ematen dute zerbitzu hau, emakumezkoak gehientsuenak, eta ez dute kobratzen Osakidetzako beste langileek kobratzen duten karrera profesionala.

Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileek lau greba egun egingo dituzte aste honetan negoziazio mahaiaren blokeoa salatzeko eta beren eskubideak bermatuak izan daitezen. Izatez, osasun zerbitzu publikoak, zerbitzuaren azken arduradunak, argi utzi du azpikontratatutako langileei ez diela ordainduko bere langile propioei karrera profesionalarengatik ordaindutakoa. Osakidetzako langileek, azpikontratatutako garbitzaileek ez bezala, aitortuta eta kobratuta dituzte karrera profesionalaren 2012, 2019, 2020 eta 2021eko deialdiak. ELAk uste du kontratatutako plantillari ere dagokiola karrera profesionalaren ordainsaria.

Administrazio publikoa da, enpresa pribatuekin bat eginez, erabaki duena kolektibo feminizatu horren prekarietatea kronifikatzea bigarren mailako langile gisa tratatuz.

Negoziazio kolektibo propioa

Era berean, ELAk negoziazio kolektibo propioa izateko eskubidea aldarrikatu du Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuentzat. ELArentzat homologazioa erreferentzia positiboa da, baldin eta murrizketak aplikatu edo negoziaziorako eskubidea baliogabetzeko erabiltzen ez bada. Izan ere, homologazioaren izenean aparteko ordainsari bat kendu nahi izan zieten garbitzaileei, baina izandako erreakzio irmoari esker murrizketa gelditzea lortu zuten.

ELAk homologazioa defendatzen du langileen lan baldintzak hobetzeko balio duen bitartean, nahiz eta gaur egun ez den nahikoa. Orain dagoen bezala, erabateko homologazioak ez du bermatzen plantillaren erosteko ahalmena duina.

Lortutakoa defendatuz, duintasunagatik lanean

Sektorean lortutako eskubideak defendatzen ditu ELAk, baina borrokan jarraituko du eskubide gehiago eta duintasuna lortzeko. Ez dugu onartuko garbitzaileek ez izatea administrazio publikoko langileek dituzten eskubideak. Horregatik, negoziazio propioa eta autonomoa aldarrikatzeaz gain, erosteko ahalmena bermatzea eta karrera profesionala ordaintzea eskatzen dugu.

Horretarako, ELAk greba deitu du abenduaren 14, 15, 16 eta 17rako, eta honako mobilizazio hauek egingo ditu:

Abenduak 14
11:00: Donostiako Ospitalean elkarreratzea.
Komunikabideei adierazpenak hasieran.
Abenduak 15
11:00: Donostiako Ospitalean manifestazioa.
Komunikabideei adierazpenak hasieran.
Abenduak 16
12:00: Gasteizko Legebiltzarraren atarian kontzentrazioa.
Komunikabideei adierazpenak 11:55ean.