ELAk greba deitu du urriaren 4, 5 eta 6an Bizkaiko adineko egoitzetan

2022/09/16
Joan den astean egindako asanbladan, Bizkaiko zahar egoitzetako ELAko langileek (sektorearen %65 baino gehiago ordezkatzen dute) aho batez erabaki dute protestak areagotzea, eta hiru greba egun deitu dituzte urriaren 4, 5erako eta 6rako. Horrela, sektoreko langileek negoziazio mahaia deitzera behartu nahi dituzte patronalak.

Mobilizazioak areagotzearen arrazoia da bi urte daramatzatela hitzarmena berritu gabe, lan baldintzak izoztuta, langile faltagatik lan karga onartezinekin eta ratio eskasekin. Ondorioz, kalitaterik txikiko zerbitzua eskaini dezakete medekotasun premia handiak dituzten egoiliarrei.

Negoziazio mahaiaren azken bilera duela urtebete izan zen, 2021eko urriaren 14an, eta orduz geroztik GESCA, LARES eta ELBE patronalek ez dute beste bilera bat deitzeko borondaterik izan. Argi eta garbi erakusten du patronalari interesatzen zaiola egoera hori, irabazien tarteak gora egiten baitu lan baldintzak eta zerbitzua okertzen badira.

Patronalen blokeo egoera hori Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin gertatzen da. Foru Aldundia egoera horren jakitun da, eta zerbitzuaren finantzatzailea izanik, langileen eta erabiltzaileen baldintzak bermatu behar ditu.

Egoera horren aurrean, ELAko ordezkariek hiru greba egun deitu dituzte, eta adinekoen egoitzetako, etxebizitza komunitarioetako, eguneko zentroetako eta babespeko apartamentuetako langile guztiak animatzen ditu eredu aldaketaren alde mobilizazioetan parte hartzeko. Baita lan baldintza egokietan oinarritutako arretaren eta zaintzaren alde egiteko ere, langileen, familien eta egoiliarren ongizateari lehentasuna emanez eta ez enpresen onurei.

Horretarako, benetako urratsak egin behar dira pribatizatu gabeko egoitzetako langileekin parekatzeko, KPItik gorako soldata igoerekin, lanaldi osoko langile gehiagorekin, ordezkapenak lehen egunetik eginez, eta hobekuntzak lan osasunaren eta berdintasunaren arloan sustatuz.