ELAk greba deituko du udaletan eta LABi batzeko deia egiten dio
Pasa den urriaren 8an EAEko udal sektoreak apirilean hasitako greba dinamikaren baitan azken greba eguna egin zuen. ELAk argi zeukan ezinbestekoa zela langileen mobilizazio handi bat Eudel eta bera osatzen duten EAJ, EH Bildu eta PSEri argi eta ozen esateko udal esparruan herritarrei ematen diogun zerbitzua eta lan baldintzak hobetzeko garaia zela. Greba egun horretan helburua bete genuela uste du ELAk, eta orain pilota alderdien teilatuan dago.
Alabaina, urriaren 8tik hilabete bat baino gehiago pasa denean Udalhitzeko mahaia ez dago aktibo. Eudel “hausnarketa” prozesu bat irekiko zuela esan zigun. ELAn ez dakigu nola doan ustezko hausnarketa hori, baina mahaia blokeatuta dagoela ondorioztatu dezakegu. Gaur egun sektoreak dituen aldarrikapen asko falta dira (ordainsarietan, euskeran, lanaldi murrizketan, subrogazioan, lan osasunean...) mahai gainean, eta hauek lortu arte ELAk ez du etsiko.
Negoziazioaren blokeo honen aurrean ELAk argi dauka langileen mobilizazioak sustatu eta hauspotu behar direla. Urte osoan egin dugun bezala, sektorea kalera atera behar da eta greba deialdiak ezinbestekoak dira. Ikusi dugun moduan, mahaian orain arte lortu ditugun aurrerapausoak greben jarraipenagatik izan dira. Bide egokia hori da: borroka eta greben bitartez Eudeli eta bera osatzen duten alderdi politikoei lan-baldintzen hobekuntzak ateratzea.
Irakurketa sindikala hori izanda, azken asteetan ELAtik LABi bi proposamen luzatu dizkiogu hurrengo hilabeteetan sektoreko borroka eta grebekin aurrera jarraitzeko. Orain arte izan ditugun adostasunak errespetatuz eginiko proposamena izan da, jakinda azken aldian ez dela aldaketarik gertatu negoziazioan eta prozesuan. LABek ezetzarekin erantzun digu. Hala ere, ELAk ez dio atea ixten bi sindikatuen arteko dinamika amankomunari, hori baita orain arte ELA sindikatuak lehenetsi duen bidea.
Gauzak horrela, ELArentzat ez da momentua greba dinamika gelditzeko edo birplanteatzeko. Hemen gure patronala Eudel da, eta bera osatzen duten alderdi guztiek ehuneko zabal batean proposamen eta eskaintza berdina daukate. Bada momentua udal langileei alternatiba bat lantzeko, eta ELA horretan dabil. Hurrengo asteetan gure plangintza publiko egingo dugu, ELAk ez duelako onartuko greba dinamikarekin bukatzea.