Nafarroako erresidentziak

ELAk greba egin du patronalaren blokeoa hausteko hitzarmenaren negoziazioan

2024/04/10
Sektoreko 21. greba egunean, langileak Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren parean mobilizatu dira Nafarroako erresidentzietako lehen hitzarmena eskatzeko. ELAk inplikazio handiagoa eskatu dio Nafarroako Gobernuari lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, eta kritikatu du gutxieneko zerbitzuekin langile gehiago egotea greba egun batean langileen oporrak edo bajak batera gertatzen direnean baino.

Nafarroako erresidentzietako langileen egoera oso prekarioa da: urtean 1.792 orduko lanaldia duen estatu mailako hitzarmena ezartzen zaie, 1.000 eurora iristen ez diren soldatak, osatzen ez diren bajak eta asteburu eta jaiegun gehienetan lan egiteko beharra.

2021eko maiatzean, Nafarroako erresidentzien sektoreko lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia osatu zen. Ordutik, bilera ugari egin ziren 2023ko ekainean patronalek negoziazioa etetea erabaki zuten arte.

ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, hitzarmen honetarako ezartzen dituen aldarrikapen nagusiak 1.592 orduko urteko lanaldia eta 1.500 euroko gutxieneko soldata dira, ratioak hobetzeaz gain. Izan ere, lan baldintza onik gabe, ezin da kalitatezko zerbitzurik izan. Gogoratu behar da Bizkaiko erresidentzietako hitzarmenak 1.592 orduko urteko lanaldia eta gutxienez 1.600 euroko soldata ezartzen dituela, eta horrek erakusten du Nafarroan aldarrikatzen dena egingarria dela.

Erresidentzietako lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena lortzeko ELAk inplikazio handiagoa eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Diru publikoz sostengatutako eta Administrazioaren menpeko sektorea da, eta, beraz, Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna zuzena da. Gogoratu behar da aurreko legegintzaldiko talde parlamentarioek aho batez eskatu ziotela Nafarroako Gobernuari hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko.

Patronala hitzarmenaren negoziazioan ezartzen ari den blokeoaren eta Nafarroako Gobernuaren pasibotasun konplizearen aurrean, ELAk beste greba egun bat egin du, sektorean egin den 21. greba eguna

Nafarroako Berdintasunerako Instutuaren parean egindako elkarretaratzean, ELAk berretsi du mobilizazioa eta greba direla Nafarroako erresidentzietako lehen hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko modu bakarra.