ELAk greba egingo du Bizkaiko zahar-etxeetan otsail osoan zehar

2017/01/13
ELAk greba egingo du Bizkaiko zahar-etxeetan otsail osoan zehar
Sektoreko patronalek negoziatzeko borondaterik ez dutenez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak patronalei ematen dien babesa ikusita, gaurko batzarrean bildutakoek jakinarazi dute hilabete bateko greba egingo dela otsailean, aurreko greben jarraipen gisa.

Lehenago akordiorik lortu ezean, otsailaren 1ean hasiko da greba berria eta gutxienez hilabete luzatuko da. Grebarik luzeena izango da, orain arte egindako 75 greba-egunen jarraipena, hain zuzen ere. Aste honetan zehar egindako bileretan eta gaur, ostirala, egindako batzarrean sektoreko ordezkariek erabaki dute aho batez bide ematea deialdi berri horri.

Sektoreko patronalek ez dute proposamenik aurkeztu, langileek egindako eskakizunak betetzeko adinakoa, eta sektoreari duintasuna emateko modukoa; bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak patronalaren ikuspuntua babesten jarraitzen du. Hori dela-eta, ELAko ordezkariek, batzarrean bildurik, aho batez erabaki dute greba deialdia egitea.

Batzarrean bildutako 100 ordezkari baino gehiagok beren gogaitasuna adierazi dute patronalaren geldotasunagatik, azken proposamena orain dela 75 egun baino egin baitzuen. Sindikatuentzat proposamen hura ganora gabekoa izan zen, langileei begirunea galtzearen parekoa. Orduz geroztik erabiltzaileek eta haien senideek pairatu behar izan dituzte zerbitzuaren gabeziak, eta hala islatu da behin baino gehiagotan Bizkaiko egoitzetako arreta-kalitateari buruz egin diren txostenatan.

ELAko ordezkariek patronalen egoera erosoa salatu dute, aldundia aldeko baitute. Izan ere, aldundiak ustekabean hiru bider luzatu du ohe-kontzertazioa, eta gainera, enpresei ordaintzen die eskaintzen ez duten zerbitzu batengatik. Hortaz, grebak dirauen artean, enpresek %30 gehiago irabaziko dute.

Sinesgaitza da Aldundiak, denon diruaz, enpresei ordaintzea ematen ez duten zerbitzuagatik. Aldundiak, alde batetik, gutxieneko zerbitzuak eskatzen ditu, grebak erabiltzaileei dakarzkien ondorio larriengatik; eta bestetik, enpresei musu-truk ordaintzen die, eman gabeko zerbitzuagatik, haien inmobilismoari eutsiz, eta erabiltzaileen kaltetan.

Sektoreko ordezkariek berriro gogoratu dute Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko lurraldeko 7.500 oheetatik 5.000 finantzatzen dituela, eta erakunde hori dela zerbitzua ematearen erantzulerik handiena. Hori horrela izanik, bere ardurapeko sektore baten gatazkari konponbideak bilatzen lagundu beharrean, eta gure herrialdeko milaka herritarrentzako zerbitzuaren kalitateagatik begiratu beharrean, patronalaren ikuspuntuei eusten dio.

Sektoreko ordezkariek borrokan jarraitzeko asmoa adierazi dute, harik eta azaldutako eskakizunak betetzen diren arte, ratioak hobetzeko behar besteko diru sailak bideratzen diren arte, zentroetako pertsonala handitzen den arte, eta langileei lan-baldintza duinak eskaintzen zaizkien arte.

Osterantzean, patronalak eta aldundiak ibilbide luzeko sektore hitzarmen bat lurperatu nahi dutela ondorioztatuko dugu, eta langileek beren eskakizunak beste esparru batzuetara modu paraleloan eramateko premia izango dute. Langileentzat eta erabiltzaileentzat hobekuntzak sinatzen ez diren bitartean, mobilizazioak gogortuko dira.