ELAk greba eta mobilizazio astea deitu du Hego Euskal Herrian
Rajoyk 2012ko otsailean ezarri zuen lege laboraletako eta negoziazio kolektiboko erreformak hankaz gora jarri zuen lan mundua, batez ere negoziazio kolektiboa: hitzarmen sektorial probintzialak ez dira derrigor bete beharreko gutxienekoa, eta lehentasuna eman zaie enpresako hitzarmenei; lantoki bakoitzeko baldintzak azken hauen araberakoak izango dira.
Negoziazio kolektiboko egoera berri honetan ultraaktibitatea mugatu egin dute; derrigorrezko arbitrajea ekarriko duten inaplikazio batzordeak sortu dira; legez enpresa guztietan malgutasuna ezarriko da... Alegia, sinatzen diren hitzarmenek eduki onak behar dituzte, eta beren aplikazioa bermatuta egon behar da.
Patronala tematuta dago erreforma goitik behera aplikatzeko helburuarekin; ez dauka erreformaren ondorioak leuntzeko asmorik; noski, urtetan horixe eskatu ostean, lortu dutelarik ez daude baztertzeko prest. Gainera, egoera honetan patronalak negoziazio kolektiboa bahituta dauka, eta blokeatzeko ahalmena sarri emandako ordezkaritza bati esker lortzen du, inon egiaztatu gabeko ordezkaritza. Lan-baldintzak okertzen jarraitu nahi du, eta eskura dituen bitarteko politiko eta legal guztiak erabiliko ditu horretarako.
Batzuk oraindik atzera begira geratu eta nahia errealitatearekin nahastuagatik ere, negoziazio kolektiboa aldatu egin digute; egoera berriari aurre egiteko erabakia zenbat eta gehiago luzatu, are zailagoa izango da lantokietan aurre egitea. ELAk uste du sindikatu batzuk uko egiten diotela patronalari bere pribilegioekiko lehia egiteari, erreformak esparru batzutan aukera hau emanagatik, eta horrek ez du zentzurik.
ELAk mobilizazio aste hau deitu du erreformari lantokietan aurre egiteko; antolakuntza hobetzeko; eztabaida sakontzeko; alternatibak plazaratzeko, eta sinatu ez den lantokietan hitzarmen kolektiboak lortzeko.
Urriaren 21etik 25era bitarteko mobilizazioak
-
Urriak 21, 11.00etan Elkarretaratzeak lau herrialdeetako patronalen aurrean
-
Urriak 22, 12.00etan Bizkaiko Foru Aldundia
-
Urriak 23, 11.00etan Gasteizko Legebiltzarra
-
Urriak 24, 09.45etan Bilbo: Ekitaldia La Casillan eta manifestazioa
Confebasken egoitzaraino -
25 de octubre 10.30 h Iruñea: Ekitaldia Carlos III zineman eta manifestazioa
Gobernu-Delegazioraino