Irailaren 19tik 23ra greba egun gehiago Aita Menni ospitalean eta kanpoko zentroetan hitzarmenaren defentsan

2022/09/15
ELAk greba egun gehiago deitu ditu Aita Menni ospitalean eta kanpoko zentroetan, irailaren 19tik 23ra, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoelako. Langileek hiru urte baino gehiago daramatzate hitzarmena negoziatzen, eta dagoeneko 33 greba egun egin dituzte, orain arte taldearen zuzendaritzak langileen aldarrikapenei jaramonik egin gabe.

Izan ere, Aita Menni taldeak azken 5 urteetan 4 milioi euroko irabaziak izan ditu eta azken urtean 10 milioi euro gehiago inbertitu ditu obrak egiteko (guztira 30 milioi euro). Aita Menniren egoera finantzieroa ezinhobea da. Gainera, bertan eskaintzen den zerbitzuaren gehiengoa Foru Aldundiek, Eusko Jaularitzako Osasun Sailak eta Estatuko Barne Ministerioak finantziatzen dute.

Ekainean izan zen enpresarekin izandako azken negoziaketa bilera Gipuzkoako Lan Harremanen kontseiluan (enpresak berak eskatuta). Gure aldarrikapen nagusiak langileen erosahalmena bermatzea eta kontratazioak erregulatzeko neurriak lortzea dira, besteak beste. Bilera horretan LHK-k berak adierazi zuen sindikatuaren aldarrikapenak guztiz arrazoizkoak direla. Langileen eskaerak are eta gehiago legitimizatu arren, enpresak betiko posizio inmobilistarekin jarraitzen du eta ez du negoziatu nahi: euren interes ekonomikoak lehenetsi nahi ditu, langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatearen aurretik. Hori guztia administrazio publikoaren babesarekin.

ELAk onartezintzat jotzen du osasun mentalaren esparruan langileak bizitzen ari diren egoera. Gipuzkoako osasun mentalaren sarearen %85 enpresa pribatuen esku dago eta langileen gehiengoak Aita Mennirentzat egiten dute lan.

Pandemiaren ostean eta osasun mentalaren zerbitzua gero eta beharrezkoa den honetan, langile horien egoera gero eta prekarioagoa da: enpresaren zuzendaritzak unilateralki erabaki du langileen inzidentzien ondorioz sortutako postuak ez betetzea, profesionalak falta dira (erizainak, erizain laguntzaileak, osasun mentaleko profesionalak...) eta horrek lan kargak areagotzea dakar, langileen lan baldintzak Osakidetzako langileekin alderatuz oso azpitik daude.

ELAk Aita Menniko langile guztiei dei egiten die datorren asteko greba egunetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.