Gasteizko Udala – Uraren ziklo integralaren zerbitzua

ELAk greba mugagabea deitu du AMVISAren erabiltzaileentzako arreta zerbitzuan

2026/01/09
ELAk greba mugagabea deitu du AMVISAren erabiltzaileentzako arreta zerbitzuan
Amvisako administrazio kontseiluak, PSE, EAJ-PNV eta EHBILDUren aldeko bozkekin zerbitzuaren publifikazioa onartu dute subrogaziorik gabe. Egungo langileak kaleratuko dituzte.

Gaur, urtarrilak 9, AMVISAko administazio kontseiluak Gasteizko udaleko ur zerbitzuko erabiltzaileentzako arreta zerbitzuaren publifikazioa onartu du EAJ, PSE eta EH Bilduren aldeko bozkekin. Publikazio hori, baina, subrogaziorik gabe onartu da, eta ondorioz, urteetan zehar azpikontratatutako langileak kaleratuko dituzte (sei langile daude).

AMVISAren herritarrentzako arreta azpikontratatuta dago orain urte asko, eta bezeroarentzako lehen arreta, kobrantzak, online tramiteak, erabiltzaile berrien alta-bajak, kontratuen eta kobrantzen jarraipenak... egiten dituzte.

 Prekarizatutako langileak dira, azpikontratazioaren ondorioz. Hiru hilabeteko greba egin dute 2025ean lan baldintzak hobetzeko, eta hiruk legez kanpoko lagapenagatik dituzte epaiketak. Batek jada epaiketa irabazi du.

Bada, testuinguru horretan, gaur kontseiluan PSE, EAJ eta EHBilduren aldeko bozkek langile horien kaleratzea ekarriko du. ELA ados dago publifikazioarekin, baina horrek ez du esan nahi langileen eskubideak errespetatu gabe egin behar denik. Azpikontratazioa erabaki politiko bat da, eta orain, publikazioa ere kaleratzerik gabe egitea erabaki politiko bat da.

Egoera horren aurrean, langileek erabaki dute greba mugagabera jotzea urtarrilaren 21etik aurrera. 

ELAk Udal Gobernuari eta EH Bilduri eskatu die jarrera berriz azter dezatela eta egungo plantillaren lehen subrogazioa berma dezatela, estatuko legediak eta Europakoak ezartzen duen bezala.