ELAk greba mugagabea deitu du ekainaren 11tik aurrera Gipuzkoako eraikuntzaren alorrean

2007/05/20
ELAk greba mugagabea deitu du datorren ekainaren 11tik aurrera Gipuzkoako eraikuntzaren alorrean. Deialdi honekin ELAk helburu garbi bat dauka: Adegik hitzarmen bat lortzeko negoziazioetan orain arte izan duen jarrera itxia aldatzea.

Gogorarazi behar da orain arte Adegik lanaldiaren handitzea eskatzen duela, eta ez dela prest agertu sindikatuen eskaerak aztertzeko ere. ELArentzat guztiz salagarria da Adegiren proposamena, are eta gehiago kontutan hartuta urtero-urtero eraikuntzaren alorreko enpresek izaten dituzten irabazi handiak.

ELAk Gipuzkoako eraikuntzarako duen arduradun Xabier Agirretxek azpimarratzen duenez, "otsailaren 16an negoziazioak hasi zirenetik asteazkenero bildu gara Adegirekin, baina orain arte ez da adierazgarria den aurrepausorik eman. Grebara joateko beste erremediorik ez dugu".