ELAk greba mugagabea deitu du irailaren 19tik aurrera Telimanen, Irizarren garbiketarako azpikontratan

2022/09/16
Irizarreko autobusak garbitzen dituzten Teliman enpresako langileek greba mugagabea hasiko dute irailaren 19an astelehena, hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik ez dagoelako. Orain arte 26 greba egun egin dituzte, baina zuzendaritzak ez du bere jarrera aldatu, eta ELAk mobilizazioak areagotzea erabaki du.

Teliman azpikontratak Irizar S.coop. enpresarentzat lan egiten du. Langileak hitzarmen duin baten alde borrokatzen ari dira. 24 emakumek osatzen dute taldea, eta 1.100 euro inguruko soldatak dituzte, lan toxikoagatik inolako plusik jasotzen ez dutenak. Pandemia garaian garbiketa lana egin zuten Irizarreko zuzeneko langileek plus bat jaso zuten.
Langileek hilabeteak daramatzate enpresarekin negoziatzen, baina ez dute inolako aurrerapenik lortu. Gauzak horrela, eta grebara ez iristeko, Telimaneko langileek enpresarekin bitartekari lanak egiteko eskatu zioten Irizarreko zuzendaritzari, akordio bat lortzen saiatzeko. Irizarren erantzuna ezezkoa izan zen, eta argi utzi zuen, beste behin ere, azpikontratako langileak direla.
Langileen kolektibo horrek honako hauek jasotzen dituen hitzarmen bat aldarrikatzen du:
• Erosteko ahalmena berreskuratzea azken urteetan.
• Soldata-arraila desagerrarazteko soldata-igoera.
• Segurtasuna bermatuta ez dagoenean, lan toxikoagatiko plusa.
• Gaixotasunagatiko bajak osatzea.
• Norberaren gauzetarako 2 egun.
Gaur egun, Telimanen azken proposamena mobilizatzen hasi aurretik egin zuena baino txikiagoa da, eta plantillaren ustez, benetako adarjotzea da.