TCC Moventis – Iruñerriko hiri garraioa
ELAk greba mugagabearen % 100aren jarraipena mantentzeko deia egiten die villavesetako langileei

Gaur hasi da greba mugagabea Iruñerriko hiri garraioan, villavesetan, % 100eko jarraipenarekin. Moventis TCCko Enpresa Batzordeak (UGT 6, CCOO 4, ELA 3, LAB 2 eta ATTU 2) uztailetik aurrera greba mugagabea deituko zuela iragarri zuen, hitzarmen kolektiboa berritzeko sei hilabete baino gehiagoko negoziazioen ondoren. 2023ko abendutik, hainbat bilera egin dira TCCko zuzendaritzarekin, baina enpresak edozein aurrerapauso blokeatu du.
Greba deialdiaren aurrean, enpresak beste proposamen bat egin zuen, orain arte batzorde osoak baztertu dituenen eduki ia berdinekin, eta batzordeak proposatutako gutxienekora iristen ez dena.
Enpresa batzorde osoak hitzartutako aldarrikapen nagusiak honako hauek dira: KPIaren araberako soldata igoera, 2010ean murriztu zen soldataren % 5,38 berreskuratzea, bajetarako % 100eko estaldura ezartzea, urteko 1.592 lanorduak lortzera bideratutako lanaldi murrizketa, txanda sistema eta gaueko eta jaiegunetako plusak hobetzea, eta lanaldien kontrola ezartzea atsedenaldiak zehaztuz.
ELAk LABen aldaketa estrategikoa deitoratzen du, langileak desmobilizatzeko helburuz UGTrekin eta CCOOrekin bat egin baitu enpresaren azken planteamenduari buruzko bozketa loteslea deitzeko (batzordeak jada baztertua zuen planteamendu hori).
Nabarmentzekoa da langileen % 64k greba mugagabearen alde bozkatu dutela (412tik 264 boto grebaren alde). ELAk greba mugagabearen jarraipen osoari eusteko deia egin die langileei, lan baldintzak eta ematen den zerbitzu publikoa hobetzeko bide gisa.