Irizar autobusetako garbitzaileen hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dago

2022/10/03
Telimanen azpikontratako langileek 42 greba egun egin dituzte dagoeneko arrakalarekin amaitzeko eta erosahalmena berreskuratzeko soldata igoeraren alde

Teliman enpresa Irizar S. Coop.entzat lan egiten duen azpikontra da. Bertan 24 emakumek lan egiten dute autobusak garbitzen, hilean 1.100 euroko jornalarekin. Gainera, ez dute lan toxikoagatik inolako plusik jasotzen, nahiz eta aurretik Irizareko langileek lan bera egiteagatik plus hori bazuten.

Gaur 42. greba eguna dute hitzarmenaren alde, eta kanpaldia egin dute lantokian. Azken hilabetean enpresarekin negoziatzen ibili arren, ez dago inongo aurrerapausorik. Enpresaren azken proposamena irailaren 1ekoa da, eta ordutik ez dute negoziatzeko nahirik izan. Gatazka hasi aurretik, Irizar enpresako zuzendaritzari ere eskatu zioten esku hartu zezala akordiorako bidea egon zedin, baina ezezko erantzuna jaso zuten, argi utziz, beste behin ere, ez zirela Irizarreko langileak, azpikontrata baizik.

Langileen eskaera nagusiak azken urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzea, soldata arrakalarekin amaitzeko soldata igoera izatea, lan toxikoagatik plusa jasotzea, gaixotasunagatik bajak osatzea eta norbere erabilerarako 2 egun izatea dira.

Negoziazioan dagoen blokeoarekin amaitu eta hori guztia lortzeko, greban dauden Teliman enpresako langileek mobilizazioak deitu dituzte: astelehenero akanpada egingo dute Irizar S. Coopen sarrera nagusian (6:00etatik 16:00tara), urriaren 7an manifestazioa egingo dute Irizarren inguruetan (12:30tatik 13:30tara) eta egunero goizeko 10:00tatik 11:00tara kontzentrazioak egingo dituzte Irizarren sarreran.