ELAk grebara deitu du Gipuzkoako egoitzetako sektorean maiatzaren 6, 7 eta 8rako
Gipuzkoako egoitzetako patronalek berriro ukatu digute negoziatzeko eskubidea. Gipuzkoako Foru Aldundiak, sektoreko %90 finantzatzen duenez, negoziazio-proposamen ireki bat luzatu zigun sindikatuoi eta patronaletako ordezkariei martxoaren 5ean. Proposamen horretan 2015 eta 2016 urteetarako soldata-hobekuntzak jaso dira, eta horretarako, 11.000.000 €-tik gorako diru-saila bereizi da aurrekontuetan, gure sektoreko langileen lan-baldintzak jasotzearren.
Diru-proposamenarekin batera, GFAk aplikazioa bermatzeko instrumentuak eskatzen ditu , eta baita ere sindikatuen eta patronalaren arteko akordio bat ere, prekarietatea mugatzeko asmoz. Hori guztia jasota geratu da plataformetan. Eta akordio bakar eta orokor baten barruan kokatzen da. 4 asteko epea eman zigun akordioa sinatzeko.
Martxoaren 13an izan genuen negoziazio-mahaiaren azken bilera, eta hartan patronalak, proposamenaren diru-berme nahikorik ez dagoela argudiatuz, proposamena ukatu zuen. ADEGIk eta LARESek esan ziguten aztertuko zutela, eta erantzungo zigutela. Patronalak argi eta garbi esan zuen bere lehentasuna GFAaren itunpeko plaza gehiago lortzea zela, eta gure lan-baldintzak hobetzea, ordea, ez zela lehentasunezkoa. Egun hartatik patronala desagertu da, ez du bilera-deirik egin negoziazio-mahairako, eta galdera erraz bati ez dio erantzuten: ea onartzen duen edo ez GFAren proposamena, hitzarmenak berritzeko negoziazioetan akordio bat egitearena.
Gogoratu beharrekoa da ELAk —egoitza-sektoreko sindikatu nagusia, ordezkaritzaren ia %60 izanik— negoziazio kolektiborako akordio orokor bat proposatu zuela, 2014ko urrian, sektoreko hitzarmen kolektibo eta enpresa-itun guztiak berritzeko, eta gutxieneko edukiak izango zituen erreferentzia-hitzarmen bat Gipuzkoan berriro egiteko.
Bi aldiz diruz lagunduta dagoen egoitzetako patronal honi (ADEGI eta LARES) interesatzen zaizkion puntu bakarrak hauek dira: gero eta etekin gehiago lortu, akordioak bete gabe utzi (sinaturik egon arren), gainerako eragileei xantaia egin, eta sektoreko langileak gutxietsi. ELAtik esan behar dugu patronal horrek ez duela inor ordezkaritzen eremu honetan eta ez dela mintzakide egokia.
ELAtik salatu behar dugu ADEGIk eta LARESek gure negoziazio-eskubidea bahitu dutela, beren enpresa-interesak aurretik jarri dituztela, eta plantillei xantaia egin dietela. Mahai gainean egin nahi duten gauza bakarra gurekin beso-borroka egitea da.
Eta hori guztia, gure diru publikoarekin, zerbitzu publiko bat kudeatuz eta %100 bermaturiko etekinak ateraz. Enpresa horiek kudeatzen dituzte egoitzak behinolako kortijoak balira bezala, non gominaz orrazturiko jauntxoek itxurarik gabeko tratua ematen dieten menpekoei. Lan-egutegiak astero-astero aldatzen dira, emakume asko dei baten zain egon behar dira lan egitera joateko, lan-txandak eraman ezinak dira, aldi baterako kontratuak ehunka zenbatu daitezke (haietako asko zalantzazkoak izanik legezkotasunaren aldetik) eta etenik gabeak, sektoreko erreferentzia-enpresek hitzarturikoa nabarmen eta askotan urratzen dute...
ELAk ez du atzerapausorik emango. Alderantziz, grebara deitu dugu, maiatzaren 6, 7 eta 8 egunetarako. Bik ez dute negoziatuko, batek nahi ez badu, eta are gutxiago interesatzen ez bazaio. Berriz ere patronalak (ADEGI eta LARES) jarri du negoziazioa hankaz gora, ez da gauza gizarte-eragileekin akordiorik negoziatzeko, langileek gatazka handi bat bultzatu ezean ez da abian jarriko. Gatazkak luze joko du, harik eta akordio duin bat lortu arte.