ELAk greben aldeko apustua egiten du Arabako metalgintzako hitzarmenaren negoziazioak aurrera egiteko

2022/07/08
SEA patronalak bere diskurtsoa erradikalizatu du mobilizazioengatik, eta dagoeneko ez du hitzarmenaren negoziazio azkarraren alde egiten, baina errealitateak erakusten du mobilizazioak eta grebak hasi zirenetik egin dela aurrera negoziazioan

Arabako metalgintzako hitzarmena negoziatzeko gaurko bileran, SEA patronalak orain arte izandako jarrera aldatu du; izan ere, uda aurretik akordio batera iristeko negoziazio azkar eta bizkorraren alde egiteari utzi dio.

Patronalak adierazi du greba deialdiak dauden bitartean ez duela bere jarrera aldatuko. Baina errealitatea bestelakoa da: mobilizazioak eta grebak hasi zirenetik eman dira aurrerapausoak negoziazioan. Besteak beste, subrogazioan, soldata igoeran eta lanaldi murrizketan aurrerapenak eman dira.

Mobilizazioa eta greba lan baldintzak hobetzeko tresnak direla erakusten duen beste adibide bat da. Horregatik, ELAk lanean jarraituko du hilaren 21, 22 eta 23an deitutako grebek arrakastatsuak izaten jarrai dezaten.