NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

ELAk gutxienez 1.400 euroko soldatak lortu zituen 2024an sinatu zituen hitzarmen guztietan (225 enpresakoak eta 15 sektorekoak)

2025/02/12
ELAk 125 greba antolatu zituen 2024an eta hamarkada osoko estaldurarik handiena lortu zuen (532.500 pertsonek hitzarmen berritua daukate), gainerako sindikatuek baino 0,3 puntu gehiagoko soldata igoerarekin. Bide beretik, 2024ko urtekaria aurkeztu du ELAk, erresistentzia kutxaren eraginkortasuna frogatzen duten ia 100 garaipenekin (5.653 pertsonak kobratu zuten 2024an).

ELAk Negoziazio Kolektiboaren urteko txostena eta 2024ko jarduera sindikala jasotzen duen Urtekaria aurkeztu ditu. Bertan, aberastasuna benetan banatzeko sindikatuaren eraginkortasuna frogatzen duten datu ugari bildu dira. EAEn eta Nafarroan, ELAk 225 enpresa hitzarmen eta 15 sektore hitzarmen sinatu zituen 2024an, eta horietan guztietan hileko 1.400 eurotik gorako soldatak bermatu zituen.

Pello Igeregi Negoziazio Kolektiboko arduradunak nabarmendu duenez, "akordio horiek mobilizazioari esker lortu dira; 2024an, ELAk 112 greba antolatu zituen, eta horrek esan nahi du akordio onak lortzeko, kasuen erdietan greba egin behar izan zela". Iaz 13 sektoretan hitzarmena sinatzeko greba egin zen, eta sektore horietako 12 kasuetan ELA zen sindikatu nagusia; horrek erakusten du sindikatuaren lidergoa borroka beharrezkoa denean bizi eta lan baldintzak hobetzeko. "Datu horiek erakusten dute grebaren bidez bakarrik gainditu daitekeela dela patronalaren autoritarismoa, eta horretarako ezinbestekoa dela ELAren erresistentzia kutxa" (2025ean 1.450 euro izango da hilean).

Gainera, ELAk sinatutako hitzarmenetan soldata igoerak (%3,75; eta sektore feminizatuetan, %3,89), beste sindikatuek sinatutakoak baino 0,3 puntu handiagoak izan ziren. ELAk sinatutako hitzarmenen % 86an KPIa bermatu zen (gainerako sindikatuen kasuan ehuneko hori erdira jaitsi zen). Oro har, parametro guztietan (soldatak, hitzarmenak aplikatzeko bermeak, lanaldi murrizketak edo prekaritatea murrizteko neurriak) ELAk sinatutako hitzarmenak askoz hobeak izan ziren. Adibidez, ELAk sinatutako hitzarmenen % 57tan lanaldi-murrizketak lortu dira, eta hainbatetan 35 ordura iritsiz (gainerako sindikatuek beren akordioen % 47tan bakarrik lortu zituzten lanaldi murrizketak).

Indarrean dauden hitzarmenek babestutako pertsonen kopuruari dagokionez, 2024an azken hamarkadako kopururik handiena lortu zen, 532.500 (EAEn 436.600 pertsona; eta Nafarroan 95.933), hau da, 2013an baino % 193 gehiago, PPk ezarritako lan erreformaren lehen urtean. Estaldura horretan, ordea, arrakala nabarmena dago: gizonen estaldura % 70ekoa da, eta emakumeena, berriz, % 59,9koa. Gogoratu behar da "Confebaskek bizkarra eman ziola joan den astean lan munduko alderik ahulenari, batez ere emakumeei, gutxieneko soldataren eztabaida errefusatu baitzuen, eta erakutsi zuen patronal horrekin ezin dela negoziatu mobilizazio eta greba dinamikarik ez badago".

Hala eta guztiz ere, akordioak lortzeko zailtasunik handiena administrazio publikoetan dago; izan ere, sektore horietan, 180.000 pertsonak 15 urte daramatzate hitzarmenak berritu ezinik. "Nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren sailburu askoren aurpegiak aldatu diren -nabarmendu du Igeregik-, bertako langileak autoritarismo bera jasaten ari dira. Hor ere mobilizazioak eta grebak ezinbestekoak izango dira akordioak lortzeko ".

Urtekaria 2024: Denok irabazteko!

Bestalde, ELAk 2024ko Urtekaria ere aurkeztu du, ‘Denok irabazteko: aberastasuna banatzeko garaipen sindikalen urtea’ lelopean. "48 orrialde dira, eta iaz lortutako ia 100 garaipenak jasotzen dira", azaldu du Ane Zelaiak, Batzorde Eragilearen Sindikalizazio arduradunak. Urtekariaren hirugarren edizio honen 105.000 ale banatuko dira, eta afiliazio osoaren etxeetara bidali da.

Urtekariak, hilabeteka antolatuta, ia 100 garaipen sindikal jasotzen ditu, protagonistei egindako elkarrizketekin (ordezkari sindikalak, militanteak, zerbitzu juridikoak); gatazka eta akordio bakoitzari buruzko oinarrizko datuak; argazkiak; eta ELAk borroka sindikalaren eraginkortasunerako funtsezko datuak: ELAren diru sarreren xehetasuna (autonomia ekonomikoa), erresistentzia kutxaren indarra (5.653 pertsonek kobratu zuten 2024an) eta afiliatuentzako zerbitzuak (zerbitzu juridikoak, etab.).

"Garaipen eta gatazka sindikalak ez dira ezerezetik sortzen -azpimarratu du Ane Zelaiak-; horren atzean antolaketa lan sistematiko bat dago, lan munduaren merkantilizazio eta indibidualizazioren aurka borrokatzeko".

ELAk bere atal sindikalen antolaketa indartzea erabaki zuen 2021ean, “sindikalizazio prozesu berri baten bidez -azaldu du arduradunak-, eredu eta lan modu berrietara egokituta, eremu sakabanatu, ezegonkor eta zailenetan ere konfrontazio gaitasuna irabazteko helburuarekin ". 2024an, 250 atal sindikaletan aktibatu zen prozesu hori, ia 900 ordezkari inplikatuta, datozen urteetan konfrontazio moduan fruituak emango dituen antolaketa kolektiboko prozesu batean.

"Urtekari honetan jasotzen diren garaipenak – Ane Zelaiak adierazi duenez- erabaki estrategiko haren emaitza dira, hain zuzen ere: indibidualizazioari aurre egiteko, sindikalizazioa". Prozesu horren erakusgarri dira Natra, Amazon, Guimon Klinika edo Zumaiako etxez etxeko laguntza bezalako enpresetan lortutako garaipenak, "sindikatuak antolatzeko eta erantzuteko modu berriak beharrezkoak ziren eremuak, eta haien garaipenak erreferenteak dira sektore horientzat".