ELAk gutxietsi du inmigrazio eta asiloari buruzko Europako Hitzarmena

2008/10/02
EBeko Ministro Kontseiluak Immigrazio eta Asiloari buruzko Europako Hitzarmena onetsi du. Horren bidez etorkinen sarrera murriztu nahi da, beharrizanen neurriko immigrazio arautua bultzatzeko aitzakiatan. Urriaren 15 eta 16ko EBeko liderren gailurrean berretsiko dute hitzarmena.

Nabarmendu beharreko alderdirik ilunenak hauexek dira:

·        Egoera irregularreko etorkinak kanporatuko dira.

·        Muga-kontrolak zorroztu egingo dira.

 

Europako Batasuneko gobernuek bultzatu eta Ministro Kontseiluak onetsi duen hitzarmen horrek funtsezko eskubideak murrizten ditu, eta gizarte-desoreka areagotu. Itunak mugetan jarriko dituen kontrol zorrotzak direla-eta, jende askok galduko du bizitza sartzeko ahaleginetan. Berriro ere ikusi dugu nolakoa den EBeko gobernuen “migrazio politika”: errepresio-politika hutsa, non interes ekonomikoa nagusitzen baita pertsonen eskubideen gainetik.

 

Gainera, Ministroen Kontseiluak akordio-hastapen bat lortu du, “txartel urdina” sortzeko. Txartel horren bidez lehentasuna emango zaie etorkin kualifikatuei, eta horrela, herrialde pobreetako bururik argienak handik alde egitea sustatuko da.

 

ELAk uko egiten die horrelako neurri murriztaile eta ankerrei, horien bidez etorkin kualifikatuei baino ez baitzaie zirkulazio askea bermatzen, eta horrek jatorrizko herrialdeen deskapitalizazioa ekarriko du bere baitan.

 

ELAk hitzarmen hori bertan behera uzteko eskatzen du; bidegabea, merkantilista eta poliziala delako, eta etorkinak eskulan merketzat jotzen dituelako.