Bilbobus

ELAk helegitea aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak %50era handitzeko erabakiari

2024/06/17
Sindikatuaren ustez, erabaki hori onartezina eta justifikaezina da, eta horren atzean greba neutralizatzeko eta ikusezin bihurtzeko asmo argia dago.

Bilbobuseko zerbitzua ustiatzen duen enpresak eskatu zuen autobus zerbitzuko greba mugagabeko gutxieneko zerbitzuak handitzea. Bilboko Udalak txalotu zuen erabakia. Langile batzordeak, aldiz, kontrako jarrera erakutsi zuen.

Bada, gaur Eusko Jaurlaritzak argitaratu du aipatutako eskaera onartzen duen agindua. Ondorioz, gutxieneko zerbitzuak %50era arte handi ditu, hau da, egungoak % 20 handitzen ditu.

Argitaratutako aginduak dioenez, erabakia ingurumen argudioetan oinarritzen da, baita grebaren ondorioz auzoen artean sortzen diren desberdintasunetan ere. Horrela, herritarrak egiten ari diren sakrifizioa neurriz kanpokoa dela adierazi dute.

ELAren ustez, argudio horien atzean enpresak eta erakundeek denboraren poderioz indartu den grebaren ondorioak ikusezin bihurtzeko interes argia baino ez dago. Hain zuzen ere, ezkutatu nahi dute langileak gero eta indartuago daudela, badakitelako enpresaren eta Udalaren etengabeko ezezkoaren atzean erabaki politiko bat dagoela: KPIren erreferentzia ez onartzea, plantillaren erosteko ahalmenari ez eustea, eta 130 langile baino gehiago baldintza desegokietan kontratatzea.

Testuinguru honetan, eta gutxieneko zerbitzuen igoera justifikatzeko erabilitako argudio erabat zentzugabeak kontuan izanik, ELAk iragarri du helegitea aurkeztuko diola Eusko Jaurlaritzaren erabakiari, eta kautelazko neurriak eskatuko dituela errekurtsoa ebatzi arte behintzat zerbitzu minimoen igoerarik aplika ez dezaten.

ELA Bilbobusek adierazi du gainerako sindikatuekin eta, oro har, plantillarekin batera borrokan eta mobilizatzen jarraituko dutela, langileen erosteko ahalmena bermatu eta lanaldiaren % 62ko kontratuen prekarietatearekin amaitu arte.