ELAk Herritarren Zerrendak hauteskundeetan izateko duen eskubidea babestu du

2004/05/12

Atzo goizean bildu ziren ELAren Donostiako egoitzan Herritarren Zerrendako eta sindikatuko ordezkaritza bana: Pedro Albite eta Larraitz Mendizabal, HZ-ren izenean, eta Jose Mari Aranbarri (idazkari nagusi ordea) Leire Txakartegi eta German Kortabarria, ELAren izenean. Bilera ostean German Kortabarria ELAren eledunak adierazi zuenez, Madrilen "itun antiterroristako" kideek Herritarren Zerrendaren aurka adierazitako jarrera oso kezkagarria da, euskal gatazkari dagokionez PSOEk PP-ren eskuin muturreko gobernuak ezarritako ildoari jarraitzen diola erakusten baitu.

ELArentzat edozein iritzi politikoko herritarrek hauteskundetan parte izateko aukera oinarrizko eskubidea da, eta estatuak beronen aurka egiteak jarrera autoritario erakusten du. Etsigarria deritzo sindikatuko bozemaileak gai honi buruz Gobernu berriak azaldutako jarrerari, PSOEk sinesgarritasun demokratikoa izan nahi badu, aurreko gobernuak eskubide eta askatasunen alorrean egindako triskantza konpontzeari ekin behar bailioke lehenbailehen. Aldiz, Europako legebiltzarrerako hauteskundeetarako partehartzea mugatuz estatu barruko erakundeek pairatzen duten defizit demokratikoa Batasun Europarreko erakundeetara hedatu besterik ez du egiten. ELA saiatuko da salaketa hau nazio-arteko esparru sindikalean ezagutua izan dadin.

Azkenik ELAren ordezkaritzak HZ hautagaitzak ekainaren 13an parte hartzeko duen eskubide osoaren alde egiten duela argitu nahi izan zuen, oinarrizko eskubide demokratikoa delako, nahiz eta horrek ez duen esan nahi sindikatuak aukera politiko jakinik sostengatzen duenik.