Nafarroako Hezkuntza Publikoa

ELAk Hezkuntza Departamentuak Hilarion Eslavan izan duen jarrera inposatzailea salatu du

2025/03/11
ELAk salatu du Hezkuntza Departamentuak modu autoritarioan bideratzen dituela hezkuntza komunitatearen adostasuna izan beharko luketen erabakiak. Oraingoan Hilarion Eslava ikastetxeari bere etorkizun hurbila aldatuko dion erabaki baten berri emateko modua horren erakusle da.

ELAk deitoratu du Hezkuntza Departamentuak inposaketara jotzea, beste behin, hezkuntza-komunitatearen adostasuna beharko luketen erabakien aurrean.

Zehazki salatu du, Hilarion Eslava IPko zuzendaritzari hedabideei baino ordu bat lehenago soilik jakinarazi ziotela datorren ikasturtean 0-12 urte bitarteko eskaintza izango dutela. Hau da, orain arte Nafarroan izan ez den modalitate bat martxan jarri eta kudeatu beharko dutela. Tamalgarria da horrela jokatzea soilik esan ahal izateko eskolari prentsari baino lehenago eman zitzaiola honen berri. Hala ere, klaustroa Departamentuaren agerraldiaren aurretik informatzea materialki ezinezkoa izan zen.

Zuzendaritzak lau urterako proiektua zuen eginda, eta ezerezean geratuko da, inork ez baitzion egin beharreko aldaketen berri eman. Hori da Departamentuak irakasleen ahaleginarekiko erakusten duen begirunea.

Zoritxarrez, Departamentuak horrela jokatzen du askotan, era autoritarioan. Ikasleen arreta ezin da esperimentuetan eta burutazioetan oinarritu, gastua optimizatzeko irizpideei jarraiki, are gutxiago hain adin goiztiarretan.

Hezkuntza eskaintza inbertsioa handituz hobetu behar da, gaur egun Europako estandarretatik oso urrun baitago Nafarroak aurrekontuetan hezkuntzara bideratzen duena.

ELAk jarrera horiei aurre egiten jarraituko du, irakasleen eskubideen alde borrokatuz, borrokarako tresna gisa salaketarekin eta mobilizazioekin jarraituz.